«Bizikleta ur gainean paseo bat emateko aproposa da»
Bizente Lasak (Urretxu, 1949) ur gainean ibil daitekeen bizikleta bat asmatu du. Asmakariaren patentea erregistratu berri du, eta, orain, asmoa patentea bizikleta hori ekoiztuko duen enpresaren bati saltzea da. Horretan ari da, ate-joka, harremanak egiten, gaurdaino berarentzat ezezaguna den mundu batean buru-belarri sartuta.
Nondik nora sortu zitzaizun ur gainean ibiltzeko bizikleta bat asmatzeko ideia?
Egia esan, ez dakit zehatz-mehatz ideia nondik sortu zen. Beti izan dut eskuekin gauzak egiteko zaletasuna. Kuadrilla guztietan dago mainatsuren bat, eta nirean ni izan naiz pertsona hori. Katamaran batean ibilita nago, eta hondartzetan egoten diren pedalak ere aztertu izan ditut. Bestalde, heziketa oso erlijiosoa izan dut beti, eta horrek ere eragina izan du. San Pedrok ikusi zuen mirarietako bat Jesus ur gainean ibili zitekeela izan zen. Hortik asmakariari jarri nahi diodan izena ere: San Pedroren nahia. Bizipen askoren emaitza izan dela esango nuke.
Aurretik beste asmakaririk sortu duzu?
Beste zenbait gauzaren artean, bilobari elurretan ibiltzeko triziklo bat egin nion. Familian beti izan dugu eskiarekiko zaletasuna. Triziklo bati gurpilak kendu eta hiru eski erantsi nizkion. Iazko denboraldian ikusmina sortu zuen Candanchun. Amari ere etxean ibiltzeko gurditxo bat egin nion oinez ibiltzeko zailtasunak zituelako.
Bizikletara itzuliz, noiz hasi zinen ideia garatzen?
Orain hiru urte erretiratu nintzenean hasita nengoen jada ideiari bueltak serio samar ematen. Baina anaia hil zitzaigun geroago, eta dena utzi nuen. Denbora bat pasata berriz heldu nion ideiari. Lehenengo lana beharko nituen materialak zeintzuk ziren zehaztea izan zen: bizikleta eta surfeko taula bat.
Bizikletarekin hasi zinen.
Uretan ibili ahal izateko gurpiletan hegalak beharko zituela pentsatu nuen, eta probak egiten hasi nintzen. Bizikletaren egitura bere horretan mantenduta, gurpil hegaldun txikiak gehitu nizkion. Bizikletak uretan aurrera egiteko atzeko eta aurreko gurpiletan pinoiak beharko zituela ondorioztatu nuen gero, bestela ez aurrera ez atzera geratuko baitzen. Pistako bizikletek pinoi finkoak dituztela ohartu nintzen gero —aurrera eta atzera arazorik gabe egiteko—: hala jarri nion pinoi finko bat aurreko gurpilari.
Hori egiturari dagokionez; eta direkzioari dagokionez?
Proba ezberdinak egin nituen. Ohiko bizikleten moduan aurrean lema bat jarriko banio, bizikletak ez zuen aurrera egingo. Hortaz, erdian jarrita egin nuen lehenengo proba, baina ez zuen nik nahi bezala erantzun. Bizikletak oso motel egiten zuen aurrera. Orduan, barkuek duten bezala, lema atzealdean jarri nion, eta hobeto mugitzen zela ikusi nuen.
Egitura taulari atxikitzea izango zen hurrengo lana, ezta?
Taula da egitura guztiak ur gainean flotatzea ahalbidetzen duena. Surf taula handi bat erosi nuen, ehun kilo eusteko adinakoa. Bi zulo egin nizkion, gurpil hegaldunak sartu ahal izateko eta uretan higadura sortzeko. Gero, oreka mantentzeko surf taulekin egindako egonkortzaile bana gehitu nizkion alde banatan. Gainerakoan, egitura euskarri sinple batzuekin lotzen da taulara. Oso erraza da muntatzeko eta desmuntatzeko.
Behin azken modeloa sortuta, zein izan zen hurrengo urratsa?
Gauza hauek eramaten dituen Bilboko aholkularitza batekin jarri nintzen harremanetan, eta beraiek egin zidaten kudeaketa lan guztia. Behin proiektuaren ezaugarriak aurkeztu eta Madrilen hasierako onespena emanda, alegazioak egiteko epea irekitzen da, aurretik beste norbaitek horrelako zerbait asmatua badu erreklamatzeko aukera eduki dezan. Patentea eskuratu dut, eta orain mundu osorako esklusibotasuna daukat urte baterako. Ondoren, interesatzen zaidan lurraldearen arabera ordaindu behar da patentea izaten jarraitzeko; nik, oraingoz, bi urtekoa erosi dut.
Zer da patentearekin egin nahi duzuna?
Patentea bizikleta hau ekoitz dezakeen enpresaren bati saltzea gustatuko litzaidake. Alde ekonomikotik ez dauka kostu handirik, surf taula bat eta bizikleta bat elkartzea baino ez baita. Kostuak merkatzeko surf taulak egiten dituen eta bizikletak egiten dituen enpresa bana elkartzea litzateke onena.
Harremanetan bazaude baten batekin?
Oiartzunen surf taulak saltzen dituen Olatu enpresarekin harremanetan nago: bizikleta etxe bat interesatzen bada, beraiek proiektuarekin jarraitzeko prest daudela esan didate. Nire ametsa patentea bertako enpresa batek erostea litzateke, ezer baino lehen euskalduna sentitzen naizelako.
Ate asko jo dituzu?
Oraintxe bertan mundu guztian zehar dauden herritar eta ezagunen bitartez sare bat sortu nahian nabil produktua ezagutzera emateko. Bestalde, Donostiako Bic Berrilani esker, irailean Madrilen egin diren Expobike eta Festibike bizikletari eskainitako azoketan izan naiz nire produktua erakusten. Gehienek begi onez ikusi dute, eta esperientzia oso positiboa izan da.
Zertarako uste duzu balio dezakeela ur gainean ibiltzeko bizikleta honek?
Argi daukat hemendik urte batzuetara horrelako gauzak ikusiko ditugula. Nire adinean ez naiz maratoietan parte hartzen hasiko, baina bizikleta ur gainean paseo bat emateko aproposa da. Nork esango dit hemendik hogei urtera txapelketarik ez dela egingo nire asmakizunarekin? Agian gehiegi amestea izango da, baina niri izugarri gustatuko litzaidake. Amets bat da, baina egia bihur daiteke.