
Igande goizeko giro petralari aurre eginez, 23.637 lagunek bukatu dute aurten Behobia eta Donostia lotzen dituen lasterketa ezaguna. Horien artean, 526 izan dira proba bukatu duten goierritarrak. Gizonezkoetan, Jose Antonio Blanco Txuri ordiziarra izan da eskualdeko ordezkaririk azkarrena; emakumezkoetan, berriz, Izaro Rubio; biak ere, ordiziarrak dira. Aurtengo probaren alderik beltzena, Arantza Ezkerro korrikalari nafarraren heriotzak utzi du.
Pedro Nimo aurtengo irabazlearengandik hiru minutu baino gutxiagora heldu da helmugara, ordu bat, zazpi minutu eta sei segundoko denborarekin. Sailkapen orokorrean 8. postuan amaitu du aurten Txurik. Bigarren goierritar onena beste ordiziar bat izan da: Gorka Satrustegi. Ordu bat, zortzi minutu eta 40 segundo behar izan ditu Behobiatik Donostiara joateko. Sailkapen orokorrean 34. postuan amaitu du Satrustegik.
Hirugarren goierritar onena Ricardo Veleda urretxuarra izan da, 1:10:19ko denborarekin. Aipatzekoa da Beterano II mailan onena ere izan dela Veleda. Bera da kategoria batean garaile suertatu den goierritar bakarra, baina beste batzuek ere postu bikainak lortu dituzte.
Izaro Rubio ordiziarra eskualdeko emakumezko onena izan da, 1:23:03ko denborarekin, eta emakumezkoen sailkapenean 14. postuan amaitu du. Goierriko bigarren emakumezko onena Elena Calvillo beasaindarra izan da: 1:25:33ko denbora egin du eta emakumezko beteranoen artean zortzigarrena izan da.
Gazte batzuek ere lan bikaina egin dute, eta, esaterako, Maialen Arana ormaiztegiarra promesa mailako emakumezkoan artean laugarrena izan da, 1:32:44ko denborarekin.
Beste bi goierritarrek ere aipatzeko moduko postuak lortu dituzte euren kategorietan. Biak ordiziarrak dira: Imanol Oiarbide laugarren izan da Beterano II mailan (1:13:11) eta Patxi Aiestaranek ere laugarren egin du, Beterano III mailan (1:26:21).
Urteroko moduan, Behobiatik Donostiara handbike-an eta patinetan joan denik ere izan da. Iazko moduan, handbike kategorian goierritar batek parte hartu du eta roller kategorian beste batek. Orion bizi den Jose Antonio Iglesias lazkaotarrak 54 minutu eta 50 segundo behar izan ditu ibilbidea osatzeko. Xabier Aranburu zumarragarrak, berriz, 58 minutu eta 33 segundo erabili ditu Behobiatik Donostiara patinetan joateko.