
Goierri Bizia ekimenaren barruan, Eusko Alderdi Jeltzaleak gonbidatuta Juan Jose Ibarretxe lehendakaria Urretxun izan zen pasa den ostiralean. Egungo egoera politikoaz, Giza garapen bideragarriaz, giza baloreez eta euskal ereduari buruz aritu zen, besteak beste. Dozenaka lagun bildu ziren Labeaga aretoan, hitzaldia bertatik bertara jarraitzeko.

Irailetik martxan dagoen Auzobusa autobus zerbitzua hobetzeko asmoz, hausnarketa prozesua burutu berri du Urretxuko udalak. Prozesu honetan ekarpenak urretxubiziz.com web gunearen bitartez, herrian zehar jarrita dauden postontzietan, bi auzotan herritarrekin egin diren bileretan eta batzar ireki batean bildu ditu udalak.

Ostadar Mendi Astearen 31. edizioa hastera doa. Haurren mendi ibilaldiak emango dio hasiera datorren igandean, Anjel Etxeberria mendizale zumarragarraren omenez egin ohi duten ibilaldia da. Haurrei zuzendutako laugarren argazki rallya egingo dute ibilaldian bertan. Irteera Zumarragako Euskadi plazan izango da datorren igandean, 08:30ean. Umeek izena eman dezakete jada eskoletan.




