Beldur Barik lehiaketara aurkezteko azken egunak
Ostiralean amaituko da Beldur Barik jarrera! lehiaketan parte hartzeko epea. Lehiaketa hau Berdinsareak azaroaren 25aren, hau da, emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako egunaren testuinguruan, Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian antolatzen duen ekimena da. Lehiaketa Beldur Barik programaren barruko egitasmo bat da, gazteei zuzenduta dagoena.
Aurora Iturrioz Urola Garaiko Mankomunitatetako berdintasun teknikariak azaldu duenez, «indarkeria sexistaren inguruan beldur barik jarrera azaltzen duten bideoak» aurkeztea da helburua. Lehiaketa orokorra da batetik, «Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba mailakoa. Aurten, azaroaren 230ean Basaurin egingo den topaketan egingo da sari banaketa». Eta bestetik lokala, «Ezkio-Itsaso, Legazpi, Urretxu eta Zumarraga hartzen dituena». Lehiaketa lokaleko sari banaketa, azaroaren 22an Legazpiko kultur etxean egingo den topaketan egingo da. Lanak jarrera@beldurbarik.org helbidera bidali behar dira ostiralerako.
Iturriozek esan duenez, «iaz lau lan aurkeztu ziren eta guztira 35 gaztek hartu zuten parte», urtez urte parte hartzea ugarituz doala gaineratu du eta «inplikatzen diren eragileen kopurua ere» haziz doala. Aurten, momentuz, lan bakarra aurkeztu dute oraingoz, baina gehienak «azkeneko unean» iristen direla esan du. Bi kategoriatan banatu dute lehiaketa, «batetik 12 eta 17 urte artekoena, eta bestetik 17 eta 27 urte artekoena».
Bi kasuetan 350 euroko erosketa balea jasoko duten lehenengoek, eta 250 eurokoa bigarren egiten dutenek. «Ilinti eta Bi-Tartean merkatari elkarteen lankidetza» izaten dute honetan. Beldur Barik egitasmoa eta lehiaketa orain hiru urte sortu zen, eta Legazpi «sorreratik izan da erreferente nagusia». Orain hiru urte, herriko Matraka talde feministak egindako abestia izan zen lehiaketari izena eman ziona. Aurten ez dira lehiaketara aurkeztu, baina «Legazpiko mapa feminista» aurkeztu dute berriki.












