Energia kontsumoa murrizteko eta herrian etxebizitza eraginkorrak egiteko hitzaldia egingo dute bihar Mutiloan
Adelina Uriarte adituak energia kontsumoari buruzko hitzaldia emango du bihar, 18:30ean, Mutiloako udaletxeko ganbaran. Etxebizitzetako energia kontsumoa nola murriztu azalduko du eta energia kontsumo txikiko etxeei buruz hitz egingo du. Hitzaldi honen helburuak bi dira: herritarrak kontzientziatzea eta bukatu gabe dagoen etxebizitza eraikinerako jendea lortzea.
Bukatu gabe dagoen eraikinaren sustatzailea Mutiloako Udala da. 2011. urtean obra gelditu egin zuten eskaerarik ez zegoelako eta, ordutik, irtenbide bat aurkitzen saiatu dira.
Udala Errotatxo eraikina aprobetxamendu energetikoa kontuan hartuz berritzen ari da eta bertan lan egiten ari diren teknikariek bukatu gabe dagoen eraikinean etxebizitza eraginkorrak egitea aholkatu diete udal ordezkariei. Udalaren promozioa izanik, pisuak merkatu librekoak baino merkeagoak izango dira. «Kostua bakarrik kobratu behar genuen», dio alkateak.
Sei etxebizitza egin behar zituzten, baina txikiagoak egiteko aukera emango dute. «Erraztasunak eman nahi ditugu. Lehenik eta behin, interesdun jendea behar dugu. Ondoren, denon artean zer nolako etxebizitzak egin erabakiko dugu. Gure helburua, eraikin horri irtenbide bat ematea da».
Oraingoan ere eroslerik lortuko ez balute, beste aukera batzuk aztertuko dituzte. Dagoeneko enpresa batzuekin hitz egin dute bertan zaharren egoitza bat irekitzeko eta proposamen ezberdinak entzuteko prest daude, «beti ere muga batzuen barruan».