Garikoitz Bravo Efapel talde portugaldarrean ariko da 2014an
Garikoitz Bravo txirrindulariak (Lazkao, 1989) Portugalgo Efapel-Glassdrive taldean lehiatuko du, datorren urtean. Urtebeterako kontratua sinatu du, kontinental mailako taldearekin. Euskaltelen aurten taldekide izan duen Ricardo Mestre portugaldarra eta Victor de la Parte arabarra ere Efapelek hartu ditu.
Euskaltel-Euskadiren desagerpenaren ondoren, NerGroup balizko talderako izen bezala zabaldu zen Bravorena. Euskaltelen proiektuaren jarraipenak porrot egin ondoren, txirrindularitza uztekotan ere egon zela esan du lazkaotarrak. Beste hiru talderen eskaintzak izan ditu, eta Efapelena hobetsi du. Portugalgo Itzulia bi aldiz egina da Bravo, Caja Ruralekin. Mendiko saria ere irabazi zuen behin. “Izugarrizko ilusioa” duela gaineratu du, datorren denboraldiari eta taldeari begira.
Profesionaletan bosgarren denboraldia izango du Bravok 2014an. Goierriko Hitza-k Bravori egindako elkarrizketa argitaratuko du bihar, papereko edizioan.