Gazte Asanbladak I. Gazte Eguna antolatu du etziko
Legazpiko gazteentzako zerbait antolatzea, eta era berean gazteei beraiei mugitzeko eta ekintza ezberdinetan parte hartzeko deialdia egiteko helburuarekin antolatu du Gazte Eguna lehenengoz Legazpiko Gazte Asanbladak (LGA) biharko.
Joseba Gurrutxaga, Iban Najera eta Aritz Cantero LGAko kideek azaldu dutenez, «orain arte data hauetan Burdin Rock jaialdia» egin izan da Legazpin. Bertako eta kanpoko musika taldeen emanaldiek osatzen zuten egitaraua. Orain ordea, «aktiboan dauden musika talde gutxi dago Legazpin» eta horregatik pentsatu zuten, kontzertuen partez beste zerbait antolatzea.
Egun osoko egitaraua antolatu dute biharko. Herri bazkaria izango da hasteko Urbeltz pilotalekuan. «Mahaiak, aulkiak eta edariak LGAk jarriko ditu, eta kuadrilla bakoitzak bere bazkaria eraman beharko du». Bazkalostean, «Legazpiko Gazte Asanbladaren historia biltzen duen bideo bat» jarriko dute ikusgai eta gero bertso saioa egongo da «Gabiriako bertsolarien eskutik».
Oraingoak gero jarraipena izan dezan
Bertso saioa amaituta «triki-kantu-poteoa egingo dugu 18:30ean hasita herriko tabernetan zehar». Gauerako dago aurreikusita eguneko ekintza jendetsuena «Urretxuko Salda Badago eta Gozategi taldeen kontzertua». Azokan izango da 22:30ean hasita. LGAtik esan dutenez, txosna ere jarriko dute Azokako arkupetan.