Lazkaon ikurrina omenduko dute bihar
Lazkaoko Udalak larunbaterako jarri beharko du Espainiako bandera udaletxeko balkoiak, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak agindutakoa eta auzitegiek berretsitakoa betetzeko. Banderen eta ikurren 39/1981 legea betearazteko agindua gauzatzeko azkeneko eguna etzi da.
Lazkaoko Udalak, urriaren 31ko udalbatzarrean gehiengoz onartutako erabakiak dioen bezala —Bilduk soilik bozkatu zuen alde, EAJ abstenitu egin zen eta PSEk aurka egin zuen—, ikurrinari omenaldia egingo diote bihar, 19:00etan, plazan.
Horrez gain, Lazkaon bizi diren herritarren jatorrizko nazioetako banderak ere jarriko dituzte, udaletxean. Balkoian euskarri berezia muntatu zuten atzo, eta han kokatuko dituzte 42 bandera —tartean Espainiakoa—, herrian diren naziotasunak adina. Ikurrina ere jarriko dute.