Narisawaren bisitak ikusmina sortu du azokan
Azaroa ez da bereziki nobedade asko agertzeko garaia izaten, baina azokak ezusteko bat baino gehiago ematen ditu, eta atzo ere izan zen deigarri gertatu zen konturik. Esate baterako, Yoshihiro Narisawa sukaldari japoniar ospetsuaren bisitak ikusmin handia sortu zuen plazan.
Donostiako Basque Culinary Centerren Gastronomia eta Jasangarritasuna gai hartuta egitekoa zen hitzaldia eman aurretik, Narisawa chef entzutetsuak Ordiziako asteroko azoka bertatik bertara ezagutzeko tarte bat hartu zuen. 2013ko World 50 Best Restaurants zerrendako jatetxe jasangarrienaren saria lortu zuen Narisawak, gizartearekiko eta ingurugiroarekiko erakusten duen arduragatik. Martxoan, berriz, Restaurant aldizkariak lehen aldiz argitaratu zuen Asias’s Best Restaurants 2013 zerrendako lehen postua ere bereganatu zuen.
Goizeko 10:00etan iritsi zen Ordiziara eta harrera egin zioten udaletxean. Han ziren, besteak beste, Igor Eguren alkatea, Goiturreko Niko Osinalde, D’Elikatuz zentroko Leire Arandia eta Iker Markinez eta Roberto Ruiz sukaldariak. Narisawak bisita liburua sinatu eta berriz ere itzuliko dela agindu zuen. Harreraren ondoren, Martinez Jatetxeko Xabier Martinez sukaldariak gidatuta, azokako postuak ikusi zituzten; bertako eta garaiko produktuak erosi ondoren, D’elikatuz Elikadura eta Gastronomia Interpretazio Zentroan hainbat plater sukaldatu eta dastatu zituzten.
Bisitari amaiera ahaztezina emateko, Ricardo Remiro, Ordiziako Artzai Gazta Lehiaketako azken txapeldunak, Idiazabal gazta bat nola egiten den erakutsi zuen, zuzen-zuenean. Bukatzeko, Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiako kideek gidatuta, Idiazabal Gazta dastaketa txiki bat egin zuten.
Arrautza berdexkak
Bitxikeriekin segituz, argentinar jatorriko oiloaren arrautza berdeak ere aipatu egin behar. Mutiloako Aitziberkoen postuan ziren ikusgai: «Mutiloan bizi diren argentinar batzuk ekarritako oiloen arrautzetik jaio ziren lehen txitoak, urtebete inguru izango da lehenak sortu zirenetik» kontatu digu Jexux Mari Muñoak. «Barrutik besteak bezalakoak dira, eta oiloek ere ez dute berezitasunik, arrautzaren oskola berdexka da arreta pizten duena».
- Aste honetako prezioak