Aitor Sarriegik bihar abestuko du, EHBTNko finalaurrekoetako hirugarren saioan
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehen bi finalaurrekoen ostean, bihar arratsalde 17:30ean jokatuko da hirugarrena, Oiartzungo Elosoro kiroldegian. Bertan abestuko duten sei bertsolarien artean izango da Aitor Sarriegi beasaindarra, duela lau urteko Txapelketa Nagusiko finalera iritsi izanagatik, finalaurrekoetara zuzenean sartu dena.
Sarriegirekin batera abestuko dute Agin Laburuk, Jon Maiak, Beñat Lizasok, Odei Barrosok eta Alaia Martinek, azken honek etxean abesten duenaren bentajarekin.
Bertsoa.com-entzat honela azaldu du Sarriegik: «Pasatzeko gogoa handia daukat. Eguna pasatzeko diot, eta ondo pasatzeko gogoa». « Orain nahiko lasai nago, badakit egunak arrimatu ahala hasiko direla barruak mugitzen, baina orain… Gogotsu txapelketan sartzeko». «Egon naiz saio batzuetan, baina beste txapelketetako barruko sentipen hori, puntuazioak, lanak, bertsoak… ez dut izan. Luzeegi ez egiteko ere ondo etortzen da.”
Bestalde, aipatu, astearte gauerako amaitu zirela Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusirako finalerako salgai zeuden sarrera guztiak.