![](http://goierri.hitza.eus/site/files/2013/11/SDC12724.jpg)
Produktuek berez daramate garaian garaiko marka, baina jendeak ere hartzen dio neurria sasoi bakoitzari, eta atzo, ondo jantzita agertu ziren saltzaileak. Uda joan zenetik luze iraun duten hainbat produktuk eman dute eman beharrekoa, hala nola lekak edota kuiatxoak. Ikusi ikusten dira postu batzuetan, baina ez etxeko baratzetakoak, ekoizleek aitortu diguten moduan. Tomateak, piperrak eta berenjena txiki batzuk ere salgai dira oraindik, baina ia ez udako sasoi betean bezalakoak.
Onddo garaia ere pasatzen ari da. Hala aitortu digu Lasak, nahiz eta atzo ere 300 bat kilo onddo eta bestelako espezie mikologiko aukera zituen (zizahoriak, tripakiak, gibelurdinak, eta nafarroako esnegorriak). Aurten, hemen behintzat ez da urte ona izan. Baina ferian salgai izan direnei buruz, «ez dut sekula hainbeste eta hain onddo mardulik nik ezagutu oraindaino» entzun diogu astero eta urtetan Lasaren postuaren ondoan jarri ohi den Kontxi Aiestaran orendaindarrari. Atzo lehen udaberriko zizak inork ekarriko ote zituen ustea bazen, izan ere, iaz azaroaren 14rako ekarri baitzituzten, baina esperantzan geratu da.
Lore postuak argia emanez
Santu guztien egunerako deigarritasuna pasata, negua aurretik izanik, garaian ondo irauten duten lorez ikusgarri bezain tentagarri zeuden azokako salmahaiak lore zaleentzat. Eta garaia kontuan izanda, aukera ez da txikia: pentsamenduak, biolak, kukuprakak, txilarra, primula edo sanjose lorea, krabelin txinatarra… denak ere zein baino zein lore koloretsuagoekin.
Arkumeen bilketa hasi da
Jadanik neguko lanei bete betean heldu diete artzainek, eta arkumeen etxez etxeko bilketa ere hasia da. Arkume jaiotzak gehitu ahala kopuru jakin bat ziurtatu dezaketen artegietatik zuzenean biltzen hasiko dira astero.
Denboraldi honetako prezioak enkantean erabaki dira, eta hasteko, azaroaren 18tik eta abenduaren 15era arte, 4 euroan (+%8,5ko BEZa) salduko dituzte, Lurgintzatik eman diguten informazioaren arabera.