Ramon Ayerza arkitekto donostiarrak Santa Maria de La Antigua, Zumarraga liburua aurkeztuko du etzi, 12:00etan, Antioko ermitan. Liburua Ayerzaren doktore tesiaren atal bat da, Zumarragako baselizari dagokiona. Lana Anton Arbulu Zumarragako alkate izandakoari esker argitaratu du Ayerzak, «berak egin zidan lana argitaratzeko gonbitea eta nik eskertu baino ezin diot egin». Baseliza «izoztutako mamut batekin» alderatu du Ayerzak, mendeak iraganda ere, ermitak Erdi Aroan zuen itxura berari eutsi baitio.
Agerikoak dira jada Zumarragako Ospitalean kanpo kontsulten sarreraren parean egiten ari diren lanak. Kanpo kontsulten eraikin berria izango denaren eraikina altxatuko duten lur saila zulatu dute, eta burdin-hagekin lurrari eusten ari dira. Datorren urteko abendurako amaitu nahi dituzte lanak, 856 metro koadroko lur sailean 1.500 metro koadro izango dituen eraikina eraikiko dute; espazio hori guztia hiru solairutan banatuko dute. Osakidetzak emandako epeen arabera, 2015erako eraikina martxan egongo da. Gune berrian kokatuko dituzten espezialitateak ondoan izango dituzte dagozkien probak egiteko gelak.
Urretxuko eta Zumarragako udalek gazteentzako XVIII. sukaldaritza lehiaketa antolatu dute. Lehiaketa bihar arratsaldean jokatuko da, azken urteetan egin den moduan, Urretxuko Ederrena pilotalekuan. Ekimena bi udaletako gizarte zerbitzuek antolatzen dute eta DBHko 3. eta 4. mailetako ikasleei dago zuzenduta.