Idiazabalgo hondakinen mahaiaren azken bilera asteazkenean egingo dute
Asteazkenean, 18:00etan, hondakinen mahaiaren azken bilera egingo dute Idiazabalgo udaletxean. Orain arte bilerak asteartetan egin dituzte, baina azken hau asteazkenean izango da.
Herritar guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera. Oraingoz ez dute adostasunik lortu errefusaren inguruan, baina Zuberoa Jauregi Agenda 21eko teknikariak baikortasunerako arrazoiak daudela uste du: “beste hamaika gaitan ideia politak atera dira. Azken saio honetan ideia hauetatik garrantzitsuenak aukeratuko ditugu”. Bestalde, eskerrak eman nahi dizkie hondakinen mahaian parte hartzen ari diren guztiei. “Zuen ekarpen interesgarriengatik, taldean lan egiteko erakutsitako gaitasunarengatik eta denen artean eztabaida eta lanerako sortutako giro atseginagatik . Bejondeizuela!”.