Goierritarrak kalera atera dira, emakumeen kontrako indarkeria salatzeko
Emakumeen aurkako indarkeria salatzeko nazioarteko eguna da gaurkoa, eta Goierriko hainbat erakundek eta emakume taldeek egindako deiari erantzunez, dozenaka lagun ari dira biltzen herri batean eta bestean. Denetan ere, kolore morea eta indarkeria mota horren kontrako mezuak ikusi ahal izan dira.
Emakumeen aurkako indarkeria salatzeko nazioarteko eguna da gaurkoa, eta Goierriko hainbat erakundek eta emakume taldeek egindako deiari erantzunez, dozenaka lagun ari dira biltzen herri batean eta bestean. Denetan ere, kolore morea eta indarkeria mota horren kontrako mezuak ikusi ahal izan dira.
Beasainen, esaterako, gaur iluntzeko 19:00etan zuten hitzordua; dozenaka lagun bildu dira udaletxeko plazan, Asmubek deituta. Hainbat bertso kantatu ondoren, Hegoak ebaki banizkio abestu dute denek elkarrekin. Ekitaldian, indarkeria kasuetarako etengabeko arreta eskainiko duen segurtasun zerbitzua ezartzeko eskatu diote Ertzaintzari. Aurten, Beasainen 11 emakumek tratu txarrak salatu dituztela ere gogorarazi dute.
Urretxu-Zumarragako elkarretaratzea, iluntzean.
Urretxu-Zumarragan ere iluntzean egin dute elkarretaratzea, Urola Garaiko Mankomunitateak deituta. Dozenaka lagun bildu dira Areizaga-Kalebarren plazan, Eraso gehiagorik ez! zioen. Bi herri horietan, asteburuan ere ekintza ugari egin dituzte.
Ataunen ere 30 bat lagun bildu dira iluntze partean, udaletxe parean egin duten bilkuran. Legazpin eta Seguran ere, ordu berean ziren elkarretaratzea egitekoak.
Iluntzeko ekitaldien aurretik, Ordizian eguerdi partean egin dituzte egun honetarako prestatutako ekitaldiak. Manifestazioa egin dute aurrena, herriko kaleetan. Ondoren, plazan bildu eta testu bat irakurri dute, bertso batzuekin lagunduta.
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Gipuzkoan 1.634 emakumek dute Ertzaintzaren babesa, genero indarkeria tarteko. Egoera hori bukatzea eskatu dute beste behin.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.