Konpostajea arautzeko ordenantza aurkeztu die udalak legazpiarrei
Legazpiko Udalak auzokonpostajea eta autokonpostajea arautzeko udal ordenantza aurkeztu die herritarrei. Orain, politikoek landu beharko dute ordenantza, behin egin beharreko aldaketak eginda hasierako onespena emateko. Ondoren, herritarren txanda izango da. Ekarpenak egiteko epe bat irekiko dute. Egoki ikusten diren proposamenak ordenantzara txertatuko dira, azkenik, udaleko osoko bilkuratik pasa eta behin betiko onespena emateko.
Igor Urrate ingurumen zinegotziak «udalaren helburua norberak sortutako hondakinak norberak kudeatzea» dela azaldu du. Horregatik hondakin organikoak konpostatzera bultzatuko dituzte herritarrak. 2012an auzokonpostajearen harira, proba pilotu bat jarri zen martxan Plazaola-Aizkorri inguruan. Urratek aitortu du «zenbait gauza ez zirela kontutan hartu, eta egonezina sortu zela» pertsona batzuen artean. Praktika hau arautzeko beharra ikusi zuten orduan eta Enea iraunkortasun aholkularitzarekin jarri ziren harremanetan.
Ordenantzaren xehetasunak
Aiala Zubieta Enea aholkularitzako teknikariak ordenantzaren nondik norakoak azaldu ditu. Ordenantza lantzeko prozesuarekin maiatzean hasi zirela azaldu du. «Udan ordenantzaren egitura» zehaztu zuten, urrian, «udaleko zuzendaritzari lehenengo zirriborroa aurkeztu» zieten eta pasa den astean «udaleko politikari guztiei aurkeztu zaie ordenantza».
Amaitzeko, ingurumen zinegotziak gogorarazi zuen «autokonpostajea eta auzokonpostajea ez direla derrigorrezkoak», baina herritarrak animatu zituen parte hartzera. Izena emateko zerrendak osatzen hasita daude udaletxean, eta abenduan «autokonposta egin nahi duten herritarrentzat» ikastaro bat antolatzeko asmoa dagoela iragarri du Urratek. Auzokonpostarena urte hasieran antolatuko dute.