Ataungo mitologiari buruz egutegia argitaratu du Jentilbaratza elkarteak
Ataungo Jentilbaratza kultur elkarteak 2014rako horma-egutegia argitaratu du. Dagoeneko aleak saltokietara zabaldu dituzte, eta erosteko modua badaukate herritarrek. Egutegi bakoitzak 5 euro balio du.
«Kondaira, mito, leienda eta kontu zaharrak zabaltzea» da Jentilbaratzaren helburua. Urtean zehar hainbat ekitaldi antolatzen ditu, zeregin horretan. Jentilen Etorrera da entzutetsuena, baina azken bi urteotan gaueko ibilaldi mitologikoak eta txango gidatu eta girotuak ere burutu ditu. Ikusle eta bisitari aldetik arrakasta nabarmena lortu dute, ehunka pertsona erakarriz. Duela urtebete inguru eratu zen elkarte modura.
Egutegia atera eta saltzearekin, bere ekimenak finantzatzeko diru iturri bat lortu nahi du elkarteak. Egutegiaren helburua bikoitza da, elkarteko kideen esanetan: «Alde batetik, urtean zehar egiten ditugun ekimenetarako laguntza lortzea. Eta, bestetik, istorio eta kondairak etxe barrura eramatea, garai batean zegoen ipuin kontatzeko ohitura berreskuratzen saiatzea».
Hain zuzen, euskal mitologiako istorioak hurrengo belaunaldiei iritsarazteko ahaleginean, gurasoengan jarri du arreta Jentilbaratza elkarteak. Egutegian hileka agertzen den irudia aitzakia hartuta, gurasoek beren umeei ipuiinak kontatzeko aukera izango dute egutegiarekin, hil bakoitzak bere kontakizuna baitakar.
Hamabi argazki ikusgarri ditu egutegiak, hilabete bakoitzeko bana. Josu Etxeberriak eginak dira irudiak. Mitoak bizirik izenburua jarri diote egutegiari.
Ataungo saltokietan eta ostatuetan eros daiteke jada egutegia. Baita inguruko hiru herritakoetan ere, Lazkaon, Beasainen eta Ordizian, kasu.
Egutegia erosteko tokiak
- Ataun. Lizarrustiko parketxea, Urbitarte sagardotegia, Sutegi taberna, Barandiaran Museoa, Erauskin harategia, Troskaeta taberna, Errotaundi okindegia, Jone ile-apaindegia eta Martintxo ogi denda.
- Lazkao. Lorena arrandegia, Gerriko liburu-denda eta Avia gasolindegia.
- Beasain. Lauburu taberna.
- Ordizia. Garin okindegia eta Joxe Munduate harategia.