‘Elkartasun saskia’ proiektu berria martxan da behar dutenei laguntzeko asmoz
Behar gehien dutenei, hilen behin janariz betetako otar bat ematea du helburu Legazpin martxan dagoen Elkartasun saskia egitasmoak. Izen honen pean azaroan hasi diren arren, antzeko proiektuak 2007tik daude indarrean herrian. Orain, beharren arabera, egitasmoa moldatu behar izan dute.
Gur egun herriko lau saltoki handietan dituzte janaria biltzeko guneak prestatuta:«Kale Nagusiko eta Laubideko Eroskin, BMn eta Todo Todon», zehaztu du Aldabek. «Garagunekoek dute bilketa egin eta udalak duen lokalera eramateko ardura. Nagusilanekoek banaketa egiten jarraitzen dute».
Guztira 5.000 kilo elikagai jaso dituzte orain arte, eta hilero 30 bat familien artean banatu dute. «Legazpiarren erantzuna ezin hobea izaten ari da». Kanpainaren lehen fasean bi arazorekin egin dute topo, hala ere. Batetik, «batez ere mota bateko janaria bildu dugula konturatu gara, arroza, pasta eta lekaleak. Jaki hauen stock handia daukagu», esan du Aldabek. Eta bestetik «kanpainaren inguruan, oraindik, jendeak zalantza asko zituela ohartu gara» zehaztu du Lourdes Ugarte gizarte zerbitzuetako teknikariak, askok janaria ez dakitela Legazpiko familientzat bideratzen dela azpimarratuz.
Horregatik, kanpaina berbideratu dute azarotik aurrera. Orga bakoitzaren gainean behar den janariaren zerrenda bat jarri dute, «motzagoa eta dagoen beharraren arabera moldatuko dena». Gainera, esku orriak ere banatu dituzte etxeetan, «kanpainaren nondik norakoak azaldu eta zenbait zalantza argitzeko» asmoz. Geldialdia egingo dute Gabonetan.
Beste helburu bat familia gehiagorengana iristea da. «Badakigu beharra duten familia gehiago egon badagoela, baina lotsagatik ez dira gerturatzen». Legazpiko janari banaketa guztiz anonimoa da, eta familia bakoitza ordu laurdeneko denbora tartearekin deitzen da «anonimotasuna ziurtatzeko». Interesa dutenek udaleko gizarte zerbitzuetara jo dezakete.