Goierriko Agenda 21en ekintza plana zehazteko, herritarrekin bilera egingo du Goiekik gaur
Goierri beheko Goieki garapen agentziak bailarako 18 udalerriren eremuko Agenda 21en ekintza plana zehaztuko du. Maiatzean hasi zen egitasmo horretako ingurumen atala berrikusten, bailarako estrategia-plangintzaren barruan. Diagnostikoa osatu dute, eta orain, hurrengo urratsean, herritarrek ekarpenak egiteko aukera zabalduko dute.
Goierritarrek ekarpenak egiteko helburuarekin, herritarren partaidetza foroa egingo da, gaur, 18:30ean. Goiekiren Ordiziako egoitzan da batzarra (Mallutz industrialdeko 18 pabiloia).
Ekintza planean ingurumen, gizarte eta ekonomia arloak hobetzeko bidean herritarrei begira bultzatu beharko liratekeen jarduerak bildu nahi dituzte. Hurrengo zortzi urteetan garatuko diren ildo estrategikoak, programak eta ekintzak jasoko ditu.
Prozesuaren lehen zatian diagnostikoa osatu dute. «Eskualdearen bizitzan eta kudeaketan» eragina duten lurralde, ingurumen, sentsibilizazio eta partaidetza arloak landu dira. «Goierriren erronkak» zein diren jakiteko balio izan du txosten horrek. Agiria goierri.org webgunean dago.