Azaroak agur hotza eman die feriei
Garai hau ez da produktu berrietarako aproposena, baina halere, atzokoan sorta polita bildu genuen. Horietako batzuk dira: ardi esnea, txaiota, kakiak, erratza sortak eta nerine loreak. Ardi esnearen lehen litroak Aramako Zurutuza ahizpen postuan ikusi ditugu, 3,5 euroan zuten salgai 1,5 litroko ontzia, iazko prezio berean, alegia. Postu horretan bertan, hemen hain ohikoak ez diren babarrun zuri handiak ere ikusi ditugu, Asturias aldean berriz oso preziatuak dira horiekin egindako fabadak; «handik ekarritako hazia da, aihena eta sustarrak lodiagoak ditu, bestela gainerako babarrunaren oso antzekoa da landarea» azaldu digu Arantxak; kiloa 15 euroan dago salgai. Eta garai honetan loratzen den Nerine deritzanaz egindako lore sortek dotoretzen zuten postua.
Garaiko beste bi jaki ere atzokoan azaldu ziren lehenengo aldiz: Txaiotak eta kakiak. Ez dira hain ezagunak, ez bat eta ez bestea ere, eta oso bezero jakina dute. «Txaiota eske banituen batzuk», zioen Patxi Arizmendik, «bereziki Hego-amerikarrek erosten dute». Patataren antzeko erabilera eman dakiokeen arren, gure egunerokoan sartu gabe dagoen jakia da. «Gaur ekarri ditut lehenak baina urria hasieran bildutakoak dira, aurten hilabeteko atzerapena izan dute hauek ere».
Kakia berriz, japoniar mizpira esanez ere ezagutzen da, eta hemengo mizpiraren gisan jaso eta usteltzen utzi behar da jateko puntua hartu artean. Kiloa 2 eta 3 euro artean ikusi dugu salgai.
Bestalde, gabon kutsua nabarmentzen hasia da ferian. Batetik hemengo ekoizleen salmahaien inguruan jarri ohi diren saltzaileen postuetan: fruitu lehor, oliba, goxoki eta abarren artean gabonetako turroiak, polboroiak eta girlatxeak saltzen hasiak dira (10 eta 14 euroan kiloa). Lehen erratza sortak (Ruscus aculeatus) ekarri ditu Edurne Jauregi Baliarraingoak. Izena nonbait lehen betetzen zuen eginkizunetik badatorkio ere, gaur egun bere pipita gorria lagun, edergailu bihurtu ohi da garai honetan.
Mikologia atalean nabarmentzekoa da aurten salgai den esnegorri (lactarius deliciosus) kopurua, horrelakorik orain artekoan ez da ezagutu: atzo, 150 kilo zeuden, eder askoak. Onddoak gutxitzen ari dira eta gainerakoan zizahoriek osatzen zuten atzoko eskaintza.
- Aste honetako prezioak