Musika eskola Agirre Etxeberrira leku aldatzea onartu da osoko bilkuran
Legazpiko udal gobernuak musika eskola Agirre Etxeberri etxera lekualdatzeko proposamena eraman du azkeneko osoko bilkurara, besteak beste. Proposamena Bilduren aldeko botoekin onartu da. Oposizioko alderdiak, EAJ, PSE-EE eta Hamaikabat (H1!) abstenitu egin dira, nahiz eta udal gobernuaren proposamena begi onez ikusten dutela esan.
Kepa Urtzelai alkateak Agirre Etxeberri etxearen erabilpenari buruz 2009ko urrian hartutako erabakia aldatzeko proposamena luzatu zion asteazken iluntzean osoko bilkurari. Oro har, egun «musika eskolak duen arazoari irtenbide bat emateko» Agirre Etxeberrin kokatzea izan zen egindako proposamena.
Eraikin osoaren banaketa zehaztu zuen ondoren alkateak. Sotoko «bi gela handi» musika eskolarentzat izango dira, baita bigarren eta hirugarren solairuak ere. Bigarren solairuan «musika tresna ezberdinentzako zazpi gela aurreikusten dira, eta beste bi, handiagoak solfeo geletarako». Hirugarren solairuan «bulego bat, irakasleentzako gela, ordenagailuen gela, bi biltegi eta musika tailerrerako gela handi bat» kokatuko dira.
Banaketaren proposamena
Lehenengo solairua beste erabilera batzuetarako gordeko dutela aurreratu du alkateak. Taberna edo kafetegi bat egitea aurreikusten da bertan, eta erabilera anitzetarako beste bi gela gordeko dira «erakusketak, hitzaldiak edo ezkontza zibilak» esaterako. Lorategiko gunean «agertoki bat eraikiko da, emanaldiak eskaintzeko», aurreratu du alkateak. Era berean, «adinekoentzako kirola egiteko makinak eta deskantsurako hiri-altzariak» ere jarriko dituzte bertan.
Javier Iraeta EAJko bozeramaileak erabilpenaren aldaketarekin ados daudela esan zuen. 2009an onartutakoek «gaur egun zentzurik ez dutela» ondorioztatuta. Hala ere, eraikinean «etxearen, Etxeberria familiaren eta lantegietako langileen historia» jasoko duen leku bat egon beharko litzatekeela zehaztu zuen. Amaitzeko, taberna bat jartzearen ideia «guztiz baztertzen» dutela esan zuen «formaziorako gunea izanda, ez dugu uste horretarako leku egokia denik», azpimarratu zuen.
PSE-EEko Oscar Valbuenak ere bere alderdiaren abstentzioa arrazoitu zuen. Aurreproiektua jasotakoan informe tekniko eta juridiko bat, memoria ekonomiko bat eta intsonorizazio lanen batez besteko bat eskatu zutela argitu zuen. Informe teknikoa eta juridikoaren erantzuna jaso badute ere «oraindik memoria ekonomikoari eta intsonorizazioari buruzko erantzunik» ez dutela jaso esan zuen. Era berean lehenengo solairuko erabilpena «guztiz zehaztuta» ez dagoenez, «parte hartze prozesu bat» irekitzea eskatu zion alkateari «erabilpena herritarrekin zehaztu ahal izateko».
Proiektuaren definizioa
H1!-eko Arantxa Arizmendi ere abstenitu egin zen, bere alderdia erabilpenaren aldaketarekin ados badago ere, «aurreproiektua aurkezteko gutxieneko estimazio ekonomiko bat» beharrezkoa ikusten dutelako. Alderdi ekonomikoari dagokionez,gastatu beharreko zenbatekoa «proiektuak berak» zehaztuko duela esan zuen alkateak. Hala ere, «udalak Agirre Etxeberrin gastatzeko 900.000 euro inguruko topea» duela zehaztuz amaitu zuen.