Bertako artzainen arkumea Ardibide enpresaren bidez merkaturatuko du Garsabik
Gipuzkoako Arkume Salmenta eta Bilketa elkarteak (Garsabi) Ardibide SL enpresaren bitartez merkaturatuko ditu bertako artzainen arkumeak, hasi berri den arkume-garai osoan. Bi aldeek atzo izenpetu zuten lankidetza-hitzarmena, Zaldibiako Telleri agroaldeko Goizanen.
Artzainen elkartea da Garsabi, eta arkume komertzializatzailea aukeratzeko subasta burutu du. Prezio tartea mugatuta, «aukera onena» eskaintzen zuen enpresa hartu dute, kasu honetan Zegamako Ardibide. «Gure aldetik, artzaina bere produktuen jabe izatea lortu nahi dugu, baita saltzeko garaian ere», azaldu du Garsabiko Arantxa Garaiburuk.
Hitzarmenaren xehetasunik ez dute jakinarazi, baina artzainek prezio jakin batean salduko dizkiote arkumeak Ardibideri. Arkume kanpaina azaroan hasi da, eta maiatz aldera arte luzatuko da. Bitarte horretan, merkaturatze lana hartu duen enpresak etxetik bertatik jasoko dizkie artzainei arkumeak.
Artzainek daukaten arkume ekoizpenari merkatuan «irtenbidea» ematea ahalbidetzen du, batetik, akordioak. Bestetik, prezio jakin batzuen artean salduko diren ziurtasuna —bai goitik, bai behetik—. «Garai batzuetan prezio altuagoak izaten dira, adibidez Eguberrietan edo Erregeetan. Ondoren, merkatuan arkumearen prezioa jaisten denean, guk mantendu egiten dugu, ahal den adinean», dio Garaiburuk.
Artzainak, bere aldetik, kalitatezko arkumea eskaintzearen ardura hartzen du bere gain.
Frantziako lehia «gogorra»
Ardibide enpresaren arduradun Luis Angel Oiarbidek dio «lanean jarraitu ahal izatea» dela akordio hori sinatzearen ondorioa. Arkumearen merkatua «lur jota» dagoela dio, batez ere Frantziatik datorren konpetentziarengatik. «Arlo hau oso justu dago, lehia oso fuertea daukagu frantsesekin. Frantziako arkumea oso-oso merke ekartzen ari dira, eta handizkariak gaur egun dena prezioan oinarritzen ari dira: aurreneko gauza prezioa da, kalitate irizpideen gaindi —suposatzen da dena ona izango dela—. Dena prezioan dago, izugarrizko borroka dago».
Frantzian «produkzio handiak» egoteak eta gertutatsun geografikoak eraginda, «gai nagusia gaur-gaurkoz frantsesen lehia» dela azaldu du Oiarbidek.
Munduko gazta lehian sei sari
Artzaintzarekin lotutako beste gai bat ere jakinarazi zuen, atzo, Idiazabal Gazta Jatorri Izendapenaren Kontseiluak. Munduko Gazta Txapelketan (World Cheese Awards) Goierriko lau gaztagilek sei domina eskuratu dituzte.
Lehiaketa herenegun izan zen, Birminghamen (Ingalaterra). Ordiziako Otatza gaztak urrezko domina bat, Gabiriako Baztarrika-k eta Legazpiko Erraizabal-ek bina zilar, eta Olaberriko Aizpea-k zilarrezko bat lortu dituzte.