Mozorroak euripean
San Andres jaiak dira Ormaiztegin eta gaur San Andres eguna izateaz gainera, Mozorro Eguna da. Euria egingo zuela iragarrita zegoen, eta aurreikusi bezala euria goian behean ari da goizean goizetik. Euriak, halere, ez ditu ormaiztegikoak etxean utzi, eta beren jaiak ederki mozorrotuta ospatzen ari dira. Udalak hamaiketakoa eskaini du plazan Barduliarrak elkarteko kideen laguntzarekin eta hantxe ikusi dira eguneko lehenengo mozorroak.
San Andres eguna izanagatik, aurten Mozorro Egunak eta aizkora probak bat egin dute. Eguerdiko ordu batak inguruan hasi da lehia. Aizkoraz gain, Joseba Ostolaza harri-jasotzaile zestoarrak 200 kiloko harria bost aldiz altxatu du. Jarraian, Xabier Zalduak eta Anjel Arrospidek zutik jarritako enborra mozten Joxe Ugarteburu eta Iñaki Azurmendi baino azkarragoak izan dira. Hurrengo proba Ostolazak egin du 100 kubikoa 15 aldiz jasota. Oin biko enborren txandan Azurmendi eta Ugarteburu nagusitu dira hamabost segundoko aldearekin. Ostolazak 100eko zilindroa 20 aldiz altxatu eta sei kana erdi eta bi oin biko mozterakoan Zalduak eta Arrospidek bi segundoko aldea atera diete aurkariei.
Arratsaldeko egitaraua:
- Bazkaldu ondoren mozorroturiko lagun taldeen jaitsiera elektrotxarangarekin.
- 20:00. Mozorro lehiaketa sari banaketa Muxika egurastokian.
- 23:00. Iñigo Etxenike DJ Muxika egurastokian.
- 23:00. Kontzertuak: Salda Badago eta Guri Bost txosnetan.
- 10:00-13:00. Haurrentzako parkea Zubipe kiroldegian.
- 11:00-14:00. Ormaiztegiko XXVII. Odolki Lehiaketa, XVI. Odolki Osagaien Lehiaketa eta XII. Odolkia Osagaitzat duten Plateren Lehiaketa.
- 12:00. Ardo dastaketa Musika egurastokian
- Ondoren. Odolki lehiaketako sari banaketa
- Goiz guztian zehar. Euskal Herriko produktuen azoka
- 16:00. Skate eta roller pista Zubipe kiroldegian
- 18:30. Garibaldi mariatxi taldearen kontzertua Muxika egurastokian