«Hasierako espiritua dugu»
Gaur egun euskal musikagintzako talde entzunenetako bat da Ze Esatek donostiarra. Duela bost urte sortu zutenetik, kide da Iñaki Rodriguez Vierbu (Legorreta, 1981). Aitona alemaniarraren Vierbücher abizenetik datorkio izengoitia. Gitarra jotzen du. Ibuprofeno diskoa atera dute orain, doinu gogorrekin, erritmo biziekin. Ondo pasatzeko, pasarazteko eta biharamuneko burukominean pentsatu gabe.
Abenduaren 28an Atarrabiako (Nafarroa) Hatortxurocken joko dute. Hurrena, Donostiako Dokan (otsailak 1) eta Gasteizko Kubik-en (otsailak 15) dituzte kontzertuak hitzartuta. Goierrira ere gustura etorriko litzatekeela dio Vierbuk.
Ostegunean aurkeztu zenuten Ze Esatek taldearen azken diskoa: Ibuprofeno. Nolako lana osatu duzue?
Guk ez daukagu estilo zehatz bateko taldea, eta gure formula magikoa eta betikoa hortxe dago. Beste iturri batzuetatik hartzen ditugu eraginak: rocka, ska, punk, reagge pixka bat, funkya… horiek denak gure kokteleran sartzen ditugu, irabiatu, eta hortik ateratzen dira kantak. Disko honetarako hamabi abesti atera zaizkigu, ildo horretatik. Oso-oso gustura gelditu gara. Estudioko hirugarren lana da hau. Berez laugarren diskoa da, iaz Donostiako Piratetan zuzenean grabatutako DVD-CD bat atera genuen.
Ez al dago hari bat, zuen abestietan zehar jarraitzen duena?
Ez, guk beti hortik jo dugu. Eta hori da zaila, estilo bakar batera lotu gabe proiektu bat sinesgarria egitea. Estilo asko ukitzen ditugu, eta denen nahasketak funtzionatzen du, azken batean. Horrela gustura gaude. Estilo bat baino gehiago menderatzea eskatzen du. Denak nahastu eta sinesgarri izatea arraro samarra izan daiteke; ez dakit zergatik, baina guri funtzionatu digu.
Zer bilatzen duzue musikarekin?
Talde hau ondo pasatzeko sortu genuen, hasieratik. Bai gure artean, eta gero jendearekin lotura hori lortzen bagenuen, askoz hobeto. Baina printzipioz guk ondo pasatzeko sortu genuen. Letra guztiak oso adarjotzaileak dira. Badaukate kutsu soziala ere, eta beste gai batzuk ere ukitzen ditugu; baina dena ikuspegi oso ironikotik eta adarretik hartuta beti.
Ibuprofenoa. Burukomina kentzeko ala buruhausteak sortzeko?
Ukitzen ditugu gai sozial batzuk, bai. Izatez, abesti bat dago ia duela ehun urte Bertold Brechtek idatzi zuen olerki batekin. Irakurri genuen olerki hori, eta erabat aktuala dela ikusi genuen, gaur egunean ehuneko ehun aplika daitekeena: estatu batek zer eratan hil dezakeen pertsona bat era legalean kontatzen du. Olerkiak esaten du hiltzeko modu asko daudela. Gerrara bidal zaitzakete, etxerik gabe edo lanik gabe utzi. Era legal asko daude hiltzeko. Kuriosoa egin zitzaigun, eta hor badago kritika. Gero, betiko amodio abestiak. Ibuprofeno ez da amodio abesti bat, baina bai da adarra jotzeko: asteburu gau batean irten eta gustatzen zaizun neska hor dago; ez dizu begiratu ere egiten, eta zuk zer egiten duzu? Mozkortu, eta biharamunean ibuprofenoa.
Zu hasieratik zara Ze Esatek taldekoa. Nola sartu zinen?
Talde hau Donostiako Txortains elektro-txarangatik sortu zen. Gipuzkoan eta Euskal Herri osoan asko jotzen zuen, Legorretan ere jo zuten, eta begiz ezagutzen nituen. Bestetik, musika eta ikuskizun munduan lan egiten dut, teknikaria ere banaiz. Musika luzerako lasterketa dela esaten dut nik, eta hor eusten diogunek denok elkar ezagutzen dugu, azkenean. Hortik sortu zen harremana. Txortainsen formatua eszenatokietara eraman nahi zuten, eta horretarako talde bat osatu beharra zuten, sendo samarra. Sartzeko aukera eduki nuen, ez nuen bitan pentsatu eta beraiekin hasi nintzen. Eta gustura.
Nolako bilakaera ikusi duzu urte hauetan guztietan taldean?
Oso ona. Bost urte daramagu, seigarren denboraldia hastera goaz. Espiritua berdina da, hori ez da galdu. Izan ere, espiritua galtzen denean dena galduko da. Horri eutsi behar zaio. Musikalki hazi egin gara. Aurreneko diskotik hona, ikusten da soinu eta konposaketa aldetik badagoela lana. Gogotsu gaude gauzak egiteko, bai musika, bai bideoak, bideoklipak ere egiten baititugu. Espiritu hori mantentzen den bitartean, taldea sendo egongo da eta aurrera segiko du.