Itsasondon ez da ziklo-kros probarik izango aurten
Itsasondoko Ijitu kirol elkarteak ziklo-kros proba ez antolatzea erabaki du. Ziklo-kroseko euskal egutegiaren arabera, igandean zen jokatzekoa. 14. ekitaldia izango zukeen. Gipuzkoako Txirrindularitza Elkargoarekin “ika-mikak” izan ondoren erabaki dute proba bertan behera uztea. “Igandean Espainiako Kopa jokatuko da, Valentzian, eta txirrindulari gehienak hara joango dira. Hona ez zen ia inor etorriko. Federazioarekin jaleoak izan ditugu. Beste dataren batean egitea ere ez dugu aurreikusi. Aurten, behintzat, ez da jokatuko. Datorren urtean ikusiko dugu”, azaldu du gaur goizean Ijitu elkarte antolatzaileko Gorka Telleriak.