«Lan erdietatik aurrera kontrolpean nuen finala, txapela galtzeko gelditu egin beharra neukan»
Euskal Herriko aizkolari txapeldunarentzat ohiko astelehena izan zen, atzo. Iñaki Azurmendik (Arriaran, Beasain, 1972) Beasaingo San Inazio kalean duen harategian, hori bai, Elgoibarren igandean irabazitako txapela kakoan zintzilik zeukan, txistorren alboan. Baita garaikurra ere. Telefonoa, isildu gabe joka. Parean pasatzen diren ia guztiek kasu egiten diote, nola oinezkoek, hala kotxeetatik. Baita berak agurra itzuli ere, eskua jasota.
Aizkora finalean, atzetik aurrera egin zuen, herenegun. Lehen enborra ebakitzen bosgarrena izan zen, baina azkenean 2:32 minutuko aldea atera zion Aitzol Atutxa bigarrenari.
Zer moduz zaude gaur [atzo]? Esfortzutik erabat zeure onera itzulita?
Ondo. Irabaziz gero errekuperatu ere hobeto egiten da. Tentsio puntu bat eduki dut, baina ondo. Etxean saio berdina eginagatik hurrengo egunean ez duzu ezer edukitzen; txapelketen ondoren pixka bat nabaritzen duzu. Baina bestela, nahiko ondo.
Ospatu al duzue txapela?
Ataungo sagardotegira joan ginen. 40 bat lagun elkartu ginen, kuadrillan, eta han egon ginen. Irabazi aurretik ere jendea ia apuntatuta zegoen, eta gero, bada, giro hobean. Poza jendearentzat ere bada.
Euskal Herriko bigarren txapela duzu. Batzuk harritu egin dira, batez ere lehiaketa nola hasi zen ikusita.
Konfiantzarekin nengoen, txapelketa nahiko kapritxoan neukan prestatuta, beste urteetan baino gehiago. Egurretan aurrenetik alde pixka bat bazegoen. Niri 3. eta 4. egurretan bi adar tokatu zitzaizkidan. Baina morala ez nuen galdu. Bosgarrenera ailegatu, egur handietara, nire gustukoetara, eta pentsatu nuen bi adar tokatu eta oraindik ez bazidaten diferentzia gehiago kendu, aukera bazegoela. Txapelketa guztia 5. egurrean aldatu zen. Bigarren jarri nintzen, 6.ean pare-parean, eta gero nik segi nuen; Nazabal geratu egin zen, besteak ere bai.
Koska adarretan egon zen hasieran?
Bai, pixka bat bai. Hasieran nahiko gustura hasi nintzen. Atzera geratzeko arrazoia horixe zen, bi adar-begiak. Gero besteei igual tokatuko zitzaien.
Egurra zer iruditu zitzaizun? Adar-begi asko zuela esan dute batzuek.
Onak ziren, baina esaten zuten bezain onak ez. Asteasun sailkatze proban moztu genituenak egur hobeak ziren, niretzako. Atzokoak egur txarrak ez ziren, baina batzuk barruan bihurrixeagoak bazeuden. Baina, orokorrean, onak.
Zure estrategia da gutxitik gehiagora joatea, ala hala suertatu da?
Nire estrategia zen hasieran alde egiten ez utzi, eta erdi parean, lan luzeetan eta egur handietan, aurrera ateratzea nahiago dut. Atzo [herenegun] ondo atera zen hori.
Horrelako txapelketetan egur handiak ondo menderatzen jakin beharra dago, ezta?
Bai. Hamabi egur dira, lau kanaerdiko, lau hiruko eta lau oinbiko. Erdiko lau oinbikoetan —horiek 1,67 metro dira— aizkorakera desberdina da; han segi egin behar da, fondo gehiago behar da. Niri ondo joan ohi zait lan mota hori, eta txapelketa han erabaki zen, gehienetan bezala. Atutxak, adibidez, barruan aizkora gora altxatzen du; guk bidea aurreragotik egiten dugu, gerriarekin tira eginez, beste era batera.
Ondo prestatuta joan omen zara finalera. Zeu harritu zaitu txapelak?
Egia esatera, zaila ikusten nuen, txapela irabaztea beti delako zaila. Baina, bezperan, jende askori ez nion esan, baina bi laguni bai, irabazteko aukera dexente ikusten nituen. Oso ondo nengoen, azkeneko astean oso-oso ondo ikusten nuen neure burua, nire bizitzan egon naizen ondoena igual. Gero lana ere hala atera zen. Konfiantza askorekin joan nintzen.
Oztopoa zein ikusten zenuen?
Neronen lana ez egitea, plazako presioak gain hartzea. Beldurrik handiena hori zen. Iaz ere ondo nengoen, agian horren ondo ez, baina korteetan huts egin nuen eta denbora asko galdu nuen. Aurten, berriz, zentratuta egon naiz, burua hotz mantendu dut.
Atzetik zindoazenean, zer pentsatu zenuen?
Konfiatuta nengoen atzo [herenegun]. Lan erdietan Nazabal 8 segundora zegoen, eta nik osorik ikusten nuen neure burua, aukerekin. Arrospide eta entrenatzen ibili diren beste lagunak ikusten zeuden, eta lan erdietan jada elkarri esan omen zioten txapela gurea zela. Haiek garbi ikusi omen zuten, goraldia ikusi zutenean. Lan erdietatik aurrera, Nazabal gelditu zenean, nahiko kontrolpean eraman nuen. Desgrazia txar bat tokatzen ez bazitzaidan, seguru ikusi nuen. Txapelak alde egiteko nik gelditu aizkoran egin beharra neukan.
Non entrenatzen zara?
Gimnasiora Villabonara joaten naiz. Halterofilia taldeko Batis Kortajarenarekin egiten dut gimnasioko lana. Beasaingoan ere aritzen naiz. Egurrarekin Arriaranen ibiltzen naiz; urtegiko araztegian daukat txoko bat eginda. Lagunak ibiltzen dira laguntzen, eta erakusten Arrospide, Aierbe, Aierbe zaharra-eta ari dira. Teknika erakusten haiek ibiltzen dira gehiena.
Zeini eskaintzen diozu txapela hau?
Laguntzaile horiei guztiei. Gero, betikoa: txapelketa ikustera etortzerik izan ez duen jende horri: Aitor Esnaolari, anaiari eta barruan dauden denei. Baina gertuko horiei, behintzat, eskainiko diegu.
Orain apusturen bat eroriko zaizu.
Ez dakit. Jendea hasiko da zerbait mugitzen, pentsatzen dut. Orain, apustua egiteko… Ni orain egoteko ere ondo nago, txapela irabazita. Etortzen badira entzun egin behar. Momentuz, lasai nago. Orain erakustaldi batzuk ditut, ostiralean Zumarragan daukat hurrena. Ondoren, bikotekako Urrezko Aizkora izango dugu. Bestela, lasaitasun pixka bat hartuko dugu orain, Eguberriak pasatu arte.