Legazpiko III. Ziklo Kros proba jokatuko da igandean Urtatzan
Telleriarteko txirrindulari elkarteak antolatuta hirugarren urtez jokatuko da datorren igandean Legazpiko Ziklo Kros proba. Proba maila ezberdinetan jokatuko da eta guztira «180 bat txirrindulari biltzea» aurreikusten dute Enrike Vizkay elkarteko zuzendaritza batzordeko kideak esan duenez.
Igandean jokatuko dena garai batean egiten zen Telleriarteko Ziklo Kros probaren ondorengoa dela esan daiteke, «hark utzitako hutsunea betetzeko asmoz» orain hiru urte antolatzen hasi direna. Telleriarteko txirrindulari probak mundu osoko txirrindulari onenak batu zituen 1976etik 1997ra bitartean.
Txirrindulari elkarteak orain hiru urte proba berreskuratu zuen. Orain, Telleriarten beharrean, Urtatzako zelaietan egiten da proba. Telleriarteko ibilbide zaharra ez zelako «gaur egungo baldintzetara egokitzen».
Ibilbide berria Urtatzan
Urtatzakoa ibilbide «polita» dela diote antolatzaileek. Guztira «2.500 metro luze izango da, 400 metro errepidean, eta gainontzekoak zelaietan barrena». Gainera, «ibilbidean zehar zubi antzeko bat eraiki dugu, lehiaketa handietan bezala», proba ikusgarriagoa egiteko. Guztira 180 bat txirrindulari elkartuko direla aurreikusi dute, «Valentzian Espainiako Kopa jokatuko da egun berean, baian bertakoak Legazpira etorriko direlakoan gaude», esan du Vizcayk. Proba gazte, kadete, master 30, master 40, master 50, master 60, elite eta 23 urtez azpikoen mailetan jokatuko da, nesken eta mutilen ataletan.
Probari 10:30ean emango diote hasiera. Bertako zenbait jokalarik hartuko dute parte bertan, Legazpitik Mikel Mujika, Ander Ibarguren eta Iñaki Goiburu izango dira, eta Urretxutik Aitor Chico, Iñaki Lizarazu eta Urko Peñagarikano, besteak beste.
Itsasondokoa bertan behera
Bestalde, Itsasondoko ziklo kros proba igande honetarako iragarrita bazegoen ere aurten ez dela probarik egingo jakinarazi dute antolatzaileek. Esan dutenez, «Gipuzkoako Txirrindularitza Elkargoarekin hika-mikak» izan dituzte eta azkenean, «ez egitea erabaki dugu». Egun berean Valentzian Espainiako Kopa jokatuko dela eta «txirrindulari gehienak hara joango dira». Beste dataren batean egitea ere ez dute aurreikusi. Datorren urtean «ikusiko dutela» aurreratu dute.