Olaberriketan euskara taldeak hasi du bidea
Olaberrian hasi da Olaberriketan taldea lanean. Euskara eta euskal kultura herri mailan zabaltzea eta indartzea hartu du helburu. Ostegunean burutu zuten aurreneko bilera irekia, olaberritar guztientzat zabalduta. Deialdia etxerik etxe banatzearekin arazoak izan zituzten, ordea, eta lan-talde sustatzailearen bilera egin zuten. Aurrerantzean, lanerako hitzordua eta lekua jarri dute: hilaren azkeneko ostegunean elkartuko dira, 18:00ak aldera, Arkupe soziedadearen gainean udalak utzi dien lokalean. Olaberritar guztiak gonbidatu dituzte. Deialdia aurrez egingo dute.
Euskararen arloan Olaberrian «hutsune bat» nabaritu zuten hainbat herritar dira taldearen bultzagileak. «Dinamika bat sortu nahi dugu herrian. Herria nahiko banatuta dago, eta gune batzuetan euskara baztertuta edo behintzat oso zabalduta ez dago. Horrek tendentzia dakar euskara egiten den guneetan ere erdarara jotzeko. Euskara ahaztuta dagoen guneetan gehiago indartu, eta falta den lekuetan nola edo hala sartzea da helburua, tendentzia hori hausteko», dio Olaberriketaneko Jon Zubiarrainek.
Taldearen berri ezagutaraztea izango dute lehen zeregina, dituzten asmoen eta egitekoen berri zabaldu. Gabonetarako buruan dute aurreneko ekimena: poltsikoko egutegiak atera eta banatu nahi dituzte, lelo batekin eta taldearen aurkezpen idatzi batekin batera. Gainontzean, lan-taldearen bileretan parte hartzeko gonbita ere egin dute, baita ideiak aurkezteko eskatu ere.
Kontzientziazio kanpaina bat burutzea izango litzateke lehenengo lana, osteguneko batzarrean hitz egin zutenez. «Ez ditugu helburu oso handiak hartu nahi; pixkanaka joan nahi dugu, egindako pauso txiki horiek sendoak izan daitezela».
Herria bera sendotzeko tresna
Sakoneko beste helburu bat ere badu Olaberriketanek: herria eta herritarrak gehiago elkartzea. «Olaberrian, azken urteotan kaskoa handitu eta herri itxura hartzen ari bada ere, badaude auzoak oraindik ere banatuta, Lazkaora edo Beasain aldera joera dutenak. Euskara bera izan daiteke tresna herritarrak elkartzeko. Gazteak ikastetxe askotara joaten dira, eta euren arteko lotura banatuta daukate». Herriaren sua hauspotzeko euskara erabiliko dute.