Zabor ugari Goierriko ibaietan
Egurrak, plastikoak, bidoiak, tutuak, bizikletak, metalak, koltxoiak, gurpilak… Denetariko zaborrak jaso dira urtean zehar Goierriko ibaietan egin diren garbiketetan. Gaztetxe, guraso elkarte, udal eta beste hainbat taldek sustatuta, herriz herriz, bilketa ugari egin dira. Goieki Garapen Agentziak ere kanpaina berezia egin du uztailetik urrira bitarte ibai ertzak garbitzeko. Lan horiek egiteko, Gureak taldeko Goroldi enpresaren bitartez, langabezian zeuden eta ezintasunen bat duten bost goierritar kontratatu ziren.
Uztailean Beasaingo hiru eremutan egin zituzten hondakin bilketak. Beasaingo anbulategi inguruko zubitik trenbideko zubi inguru arte, kilometro bateko eremua garbitu zuten; 2.000 kilo hondakin jaso zituzten. Ondoren, Igartza inguruan zentratu ziren lanak. Hemen eremua txikiagoa izan arren, hondakin gehiago jaso zen: 2.920 kilo. Uztailaren amaieran, erdigunean aritu ziren; 1.500 kilo jaso zituzten.
Irailean eta urrian Ordizian, Itsasondon eta Ormaiztegin ibili ziren Goroldiko langileak. Beasaingo mugatik hasi eta herrigurenaraino garbitu zuten Ordiziako erreka. Inguru horretan bertako bizilagunek ere auzolanean egin zuten garbiketa gaztetxekoek antolatuta. Ordizian 3.000 metro inguruko tartean 810 kilo jaso zituzten.
Ordiziako mugatik Jasoraino, guztira 1.200 metroko eremua garbitu zuten Itsasondon. Ormaiztegin, berriz, Santa Luzia (1.400 metro) errekan eta Eztanda (570m) errekan egin zituzten hondakin bilketak.
Urrian Lazkaon, Zaldibian eta Idiazabalen ibili ziren langileak. Lazkaon, Beasaindik hasi eta Zubierreka auzoraino egin zuten garbiketa. Zaldibiari dagokionez, garbitze-lanak, Ordiziako mugatik hasi eta herriguneraino egin ziren; guztira 2.400 metroko tartean 780 kilo zabor bildu zituzten. Azkenik, Idiazabalgo lanak herrigunean egin zituzten gehienbat, eta handik Errota auzoraino ere bai. Gutxi gorabehera 2.000 metroko tartea garbitu zuten.
Goiekiren bilketa herriz herri:
- Beasain. 6.420 kilo.
- Ordizia. 810 kilo.
- Itsasondo. 1.500 kilo.
- Ormaiztegi. 1.550kilo.
- Lazkao. 1.260 kilo.
- Zaldibia. 780 kilo.
- Idiazabal. 780 kilo.