Goierriko liburu ekoizpenari tokiko ikerketek eutsi diote 2013an
Goierriko liburu eta disko azokak Gabonen atarian egiteak, urtearen neurgailu izateko ere balio du, sorkuntzaren emana zenbaterainokoa eta nolakoa izan den baloratzeko tartea hartzekoa. Eskualdeko literaturaren eta liburugintzaren katalogoak zer berritasun ekarri duen behatuta, bi ohar nabarmen atera litezke: 2013an, tokian tokiko ikerketa historikoak izan direla ugarienak, literatura zenbaki xumeetan mugitu den bitartean. Bestetik, itzulpengintza sasoiko dagoela, eta maila gorenean dabiltzala goierritarrak horretan.
Helduen literaturan, bi idazle gazteren erabakimenaren baieztapena izan da bukatzear den urtea. Garazi Goiak (Segura, 1978) bere hirugarren eleberria atera du, Txartel bat (des)herrira (Elkar). Bi hitz (Alberdania, 2008) eta Orgasmus (Txalaparta, 2010) liburuen ondoren, bost urtean hirugarren lana ondu du.
Erritmo berarekin ekin dio Eneko Aizpuruak (Lazkao, 1976) eleberri beltzaren jeneroari, bigarren lanean. Herensuge gorriaren urtea (Erein) detektibe liburua aurkituko dute irakurleek Goierriko azoketan, Errauts (Erein, 2011) lehen lanaren ondoan.
Olerkigintzan, autore beteranoek utzi dute uzta. Patxi Ezkiaga (Legorreta, 1943) oparo jardun da, bi poesia libururekin eta bost itzulpenekin —tartean Guido van Genechten-en lau obra—.
Liburu forman argia datorren urtean ikusiko duen arren, dagoeneko poesian beste izpi bat piztu da. Unai Baztarrikak (Beasain, 1982) herenegun jaso zuen Blas de Otero–Bilboko Hiria lehiaketan euskarazko lan onenaren saria, Bilbon. Arrakalak lan saritua argitaratuko diote.
Sorkuntza propioko literaturarekin batera, goierritarrek euskarara berriki ekarritako obra bikainak eskuratzeko modua ere izango da. Itzulpegintzaren urtea izan baita, emaitzei eta sariei begiratuta. Batetik, Iñaki Mendiguren (Ezkio, 1954) eta Sarah Turtle (Croydon, Surrey, Ingalaterra, 1952) bikoteak ondutako Tom Sawyerren abenturak klasikoa da adibide gomendatuetako bat, Euskadi Literatura Saria jaso duena, udazkenean.
Bestetik, Josu Zabaletak (Legazpi, 1948) Zaindari ikusezina eman du euskarara, besteak beste. Dolores Redondo idazle donostiarraren trilogiako lehen emanaldia da, eta best-seller bihurtu da. Espainiako Itzulpengintzako Sari Nazionala irabazi du Zabaletak, herenegun jakin zuenez.
Idazleen proposamenak eta gomendioak
Goierriko lau idazlek proposamenk egin dizkiete Hitzaren irakurleei, helduen literaturan. Xabier Mendiguren Elizegi beasaindarrak Garbiñe Ubeda idazlearen (Tolosa, 1967) Hobe isilik aholkatu du, Ondarroako 2012ko Augustin Zubikarai Bekaren irabazlea. Disko bat ere nabarmendu du, «sorpresa» izan zaiola aitortuta: Maite Larburu biolin jotzaile hernaniarrak eta Amsterdamgo bizilekuko lagun Josh Cheatham iparramerikarrak osatutako Neighbor bikoaren Ura patrikan diskoa (Gaztelupeko Hotsak, 2013).
Patxi Zubizarreta ordiziarrak Joxean Agirreren Adiskide bat nuen (Elkar) gomendatu du, baita Mendigurenek eta Turtlek itzulitako Tom Sawyerren abenturak saritua ere. Eta «beti, beti», Joxe Arratibelen (Ataun, 1923 – Estibalitz, 2011) Kontu zaharrak (Erein).
Iñaki Mendiguren ezkiotarrak Rabindranath Tagore poeta indiarraren Gitanjali/Profeta aholkatu du, Patxi Ezkiagak itzulia (Arantzazu, 2008). Joxan Artzeren Heriotzaren ataria dugu bizitza poesia lan berria (Elkar, 2013) ere gomendatu du.
Sarah Turtlek, ingelesez irakurri ohi duenez, hizkuntza horretako bi liburu proposatu ditu: Edmund de Waal-en The Hare With Amber Eyes: A Hidden Inheritance (Picador, 2010); eta, Anita Moorjani-ren Dying to Be Me: My Journey from Cancer, to Near Death, to True Healing (Hay House, 2012; gaztelaniaz Morir para ser yo, Ediciones Gaia, 2013).
Mendiguren-Turtle bikoteak bien arteko gomendioa ere egin dute, «komisiorik ez» dutela umorez gaineratuta: Mark Twainek idatzi eta ia-ia hark bezain ondo ezagutzen duten Tom Sawyerren abenturak saritua.
Liburu eta disko ekoizpena Goierrin 2013an. Argitaratutako produktuak
ELEBERRIA
- Eneko Aizpurua. ‘Herensuge gorriaren urtea’. Erein.
- Garazi Goia. ‘Txartel bat (des)herrira’. Elkar
- Koldo Zubeldia. ‘Antologia II’. Erroteta.
- Patxi Ezkiaga. ‘Ez izan beldur’. Arantzazu Ed. Frantziskotarrak.
- Patxi Ezkiaga. ‘Bidai doinua’. Arantzazu Ed. Frantziskotarrak.
- Aitor Arana. ‘Aitaren sekretua’. Ibaizabal.
- Itziar Zubizarreta. ‘Kontuari kontu: ipuin bilduma’. Gipuzkoako Foru Aldundia.
- Antxiñe Mendizabal. ‘Nire alabak ez dauka erremediorik’. Elkar argitaletxea.
- Jokin Apalategi. ‘Euskal Herriaren emantzipazioaz’. Utriusque Vasconiae.
- Aitor Arana. ‘Hezurraren kluba’ (Giuseppe Zironi). Mezulari.
- Josu Zabaleta. ‘Zaindari ikusezina’ (Dolores Redondo). Erein.
- Josu Zabaleta. ‘Annabel’ (Kathleen Winter). Erein.
- Iñaki Mendiguren eta Sarah Turtle. ‘Tom Sawyerren abenturak (Mark Twain)’. Alberdania, Erein, Igela.
- Patxi Ezkiaga. ‘Txerkurra’ (G. van Genechten). Ibaizabal.
- Patxi Ezkiaga. ‘Zerlea’ (Guido van Genechten). Ibaizabal.
- Patxi Ezkiaga. ‘Bereina’ (Guido van Genechten). Ibaizabal.
- Patxi Ezkiaga. ‘Katuntxia’ (Guido van Genechten). Ibaiz.
- Patxi Ezkiaga. ‘Buruarinen harrapakina’ (Alfredo Gomez Cerdá). Ibaizabal.
- Jose Mari Urtzelai. ‘Legazpi siglo XX (1940-1975): vivencias de un cronista local’.
- Xabier Irizar, Zeles Otamendi, Jose Antonio Perez eta Norberto Ibañez. ‘Ormaiztegi 1860-1970’. Millan Irizarren Eskutik Kultur Elkartea.
- Elixabete Garmendia. ‘36ko gerra Ormaiztegin’. Eusko Ikaskuntza-Ormaiztegiko Udala.
- Josetxo Zufiaurre eta Julen Zabaleta. ‘Goierri marrazkitan’. Beasaingo Udala.
- Josetxo Zufiaurre. ‘Beasain. Bere iragana ahaztu gabe aurrera doan herria’. Gida liburuxka, lau hizkuntzatan. Beasaingo Udala.
- Jose Antonio Azpiazu. ‘1813: crónicas donostiarras’. Ttarttalo.
- Oihana Garcia eta Oihana Sarasola. ‘Ekinez egina. San Benito ikastolaren mende erdiko ibilbidea’. San Benito-Lazkaoko Udala.
- Jose Ramon de Miguel Bosch eta Marcelino Iriani. ‘Victor Mendizabal: Itsasargia’. Ordiziako Udala.
- Gari. ‘Ez da amaiera’. Elkar.
- Asier Lopez. ‘Entelekia’. Autoekoizpena.
- Ze Esatek. ‘Ibuprofeno’. Mirentxu Records.
- Egurra ta Kitto. ‘Zuentzat’. Mauka.
- Zopilotes Txirriaos. ‘La Salutxita’. Mauka.