Urretxu-Zumarragako Gaztetxeak manifestazioa deitu du abenduaren 21erako, manifestazioarekin eta beste ekintza sorta batekin Auzitegi Nazionalak egin- dako azken eskaeren aurrean, «herri gisa erantzun behar» dela uste baitute gaztetxeko kideek. Orain hiru hilabete Ertzaintza Gaztetxean sartu zen igande gau batez, eta lanean zegoen gazteari kanpoan eskegita zegoen pankarta kentzeko eskatu zioten. Pankartan Joseba Segurola ‘Pifo’ 10 urte espetxean, gurekin behar zaitugu jartzen zuen. Pankarta kentzeko agintzeaz gain, terrorismoari gorazarre egitea leporatu zioten gazteari, eta «Audientzia Nazionalera joango zela ohartarazi zioten».
Aurtengo Santa Lutzi egunak berrikuntza bat dakar: Bertatik Bertara proiektuaren gunea. Bertan, Urretxuko, Zumarragako, Legazpiko, Ormaiztegiko, Ezkio-Itsasoko eta Gabiriako ekoizleen produktuak ikusteko eta erosteko aukera egongo da. Proiektu honek sei herri hauetako baserritarren eta ekoizleen lana balioan jarri nahi du. Oraingoz, 43 ekoizle eta 26 denda batu dira proiektura. Haragia, esnea, eztia, barazkiak, ogia, gazta, fruituak, fruitu lehorrak, sagardoa, marmelada, sagar zukua... daude aurkitu ahal izango diren produktuen artean.