Txoko taberna «auzo taberna bat da», dio Vanessa Blazquez bertako ugazabak. Zumarragako Bidezar kalean dago, eta eguneroko martxari 40X50 egitasmoa gehitu diote Blazquezek eta gurasoek. Egitasmo honen bitartez, Urretxuko eta Zumarragako artisten topaleku bihurtuko dute Txoko taberna datozen hilabeteetan. Artelan guztiek 40X50 zentimetroko tamaina izango dute komunean; tamainak izena eman dio egitasmoari. Dagoeneko ikusgai daude Jose Mari Alemanen lanak.
Goierriko San Benito, Andramendi eta Jakintza ikastolek Iparraldeko ikastolei beren laguntza eskaintzeko ahaleginean, jaialdia egingo dute Ordiziako Majori kiroldegian datorren abenduaren 28an. Aurtengoarekin hamazazpi urte izango dira, hutsik egin gabe, Goierriko ikastolak eta Urruña eta Ziburukoak elkarlanean ekitaldi hau antolatzen dutela.