![](http://goierri.hitza.eus/site/files/2013/12/SDC12746.jpg)
Ferian asteko erosketak egiteaz gain, asko ikasi daitekeela ere azpimarratu izan dugu maiz. Eta bide horretatik, laranjei eta mandarinei buruzko irakaspen aberatsak eskaini zizkigun atzo Juan Carlos Costak, Naranjas Costa etxeko ordezkariak. Askok ezaguna izango dute, martxoan hasi baitzen ostiral arratsaldeko merkatura Ordiziara etortzen. Duela bi astez geroztik, asteazkenero ere jartzen du postua Goen plazan, urdaitegi, gozogintza eta bakailau gaiak eros daitezkeen puntu horretan. Ondo bidean, uztaila arte luzatuko da laranjen denboraldia, eta Costak Navelina, Navel eta azkenak diren Valencia-late motak ekarriko ditu, bata bestearen atzetik. Mandarinei dagokionez, bukatzear den Clementinari Clemenvillak hartuko dio lekukoa otsailera arte.
Interneten ez ezik, hemengo zenbat merkatuetara ere zabaltzen ari da eskaintza; hala, Ordizian, Legazpin (ostiralean hasiko da) eta Beasainen ere salgai dira. Laranja mota honi, Valentziako klimak eta lurrak ematen dio berezitasuna. Gainera, zuzenean arbolatik bildu eta bi egunen buruan salgai izaten dira, inolako tratamentu eta izozkailutik pasatu gabe. Prezioari dagokionean, laranja kiloa 1,80 eta 2,50 euro artean dago salgai, eta mandarina kiloa 2,30 euroan.
Boilurra edo trufa
![](http://goierri.hitza.eus/site/files/2013/12/SDC12751-300x225.jpg)
Onddoen eskaintza apaltzen ari dela genioen pasa den astean, baina atzo, ohiko postuetan berrikuntza bat ere ikusi genuen, oso ohikoa ez den boilurra edo trufa. Lasaren postuan zeuden, 300 euroan kiloa. Gutxi ezagutzen dituztenentzat bereziak dira, bai usainez eta bai itxuraz; sukaldarien artean, ordea, oso preziatuak izaten dira.
Horiez gain, ziza ilun hanka-horiskek ere zeresana eman zuten atzokoan. Carbonera esanez ere ezaguna da ziza mota hau (Tricholoma Portentosum); jateko ona bada ere, sal-erosketarako arrakasta handirik ez du oraingoz.
Gainerakoan, barazkien artean oraindik piperrak, tomateak, negutegiko urazak, kanpoko porruak, aza, zerba, azalora, romanesku, borraja, atxikoria, eskarola eta bruselazak ere aurki daitezke. Fruituetan berriz, mizpira, kiwi, kaki, sagar –gero eta errezil gehiago–, udare, intxaur eta hurrek osatzen dute hemengoen eskaintza.