Idiazabal gainez gain
Idiazabalgo San Migel elizatik hasiko dugu ibilbidea. Kanpotik zein barrutik, eraikin ederra da XII-XIII. mende artean eraikitako eliza. Adituen esanetan, Gipuzkoako ate sarrera erromaniko-gotiko ederrenetakoa du. Bataio pontea, Gurutzetako ermitatik ekarritakoa dela diote, ibilbide honetan bertan ikusiko dugun Gurutzetako ermitatik alegia. Barruan, Migel Irazustak diseinatu eta Jose Antonio Iparragirrek egindako erretaula barroko ikusgarriak ikus daitezke.
Ibilbidea hasteko, elizaren atzealdetik hilerrira joateko bidetik gora egingo dugu. 4,6 kilometroko ibilbide atsegina da, paisaia ederraz, naturaz eta abereez gozatzeko aukera ematen baitu.
Lehenengo kilometroan aldapa handi samarra igo beharko dugu, eta aldaparen bukaeran, Gorrotxategi oilategiak ezker-eskubi ikusiko ditugu. Seinaleari jarraituz, Gurutzetako ermita aldera hartuko dugu. 400 bat metroko tarte laua da honokoa, eta Beasain aldeko ikuspegia ikusiko dugu. Gurutzetako ermita dagoen gaina historia handiko lekua da ondoko koadroan ikus daitekeen bezala.
Baserriz baserri
Bideari segiz, ezkerrera, aldapa behera hartuko dugu, Idiazabal eta Aizkorri parez pare ditugula. 400 bat metro aldapa behera eginda, Aranburu gaztandegira iritsiko gara. Errepideari jarraituz, Toki Eder etxearen ondoan, eskuinera egingo dugu. Berriz ere ibilbide laua izango dugu metro batzuetan, baserrien eta zelaien artean. Bideari segika, tarte batean ezkerrean Ampo kooperatiba ikusiz, San Inazio auzoraino iritsiko gara.
Errepide nagusiari jarraituz, ezker-eskuin dauden espaloietik egingo dugu ibilbidearen azkeneko zatia, berriz ere elizaraino iritsi arte.
Ibilbide motzagoa egin nahi duenak badu aukera. Horretarako, Toki Eder etxean eskuinera hartu beharrean, ezker aldeera hartuko dugu eta, berehala, berriro Idiazabalgo herrigunera, Kale Nagusira, iritsiko da.