Erabiltzen ez diren instrumentuak jasoko ditu Lazkao Txiki musika eskolak
Lazkaoko Lazko Txiki Musika Eskolak Birzikla ezazu zure instrumentua kanpaina abian du. Etxeetan baztertuta edo erabiltzen ez dela dauden musika tresnak eskolari emateko da ekimena. «Garai ekonomiko gogorrean bizi garela jakina da, eta musika eskola ere jasaten ari da. Ondorioz, azken urte hauetan ezin izan da instrumenturik erosi eskolarako», azaldu du Lazkao Txikiren zuzendari Aitor Biainek.
Lazkaoko herritarrei laguntza eskatu die ikastetxeak. Musika tresnaren bat eman nahi duenak posta elektronikoa bidal dezake (lazkaotxikime@euskalnet.net).
Gabonei begira, musika eskolak bi emankizun egingo ditu. Gaur, 19:00etan, helduen korua San Prudentzio ermitan ariko da. Etzi, 18:30ean, Gabonetako Kontzertua egingo dute, Arerian.