Gorka Hermosak zuzenean joko du igandeko arte eta artisautza azokan
Iaz lehenengo aldiz elkartu ziren Goierri garaiko eta inguruetako artisauak Gabonen bueltan azoka bat egiteko. Aurten bigarren urtez egingo dute eta artisauei idazleak zein musikariak batuko zaizkie, baita margolariak nahiz argazkilariak. Azoka girotzeko zuzeneko musika izango da, tartean, Gorka Hermosa soinu-jotzailearena. Hermosaren doinuez gain, Zuhaitzaren Soinua Kolektiboko txalapartariek eta Taupada taldeak joko dute. Euskadi plazan igandean egingo duten azokan beren lanak erakutsiko dituzten artisauek eta sortzaileek komunean jatorria izango dute, guztiak Zumarraga, Urretxu, Legazpi, Ezkio-Itsaso eta Gabiriakoak direlako.