
Uggasak, Urola Garaiko Garapen Agentziak langabezian dauden eskualdeko bizilagunei lana bilatzen laguntzeko zerbitzu berria jarri du martxan: enplegu zentroa. Zerbitzu berri honen helburua «lan bila dabilen horri behar dituen tresnak eta baliabideak erraztea da», Rocio Curiel Uggasako enplegu teknikariak zehaztu duenez.
Enplegu zentroa Uggasaren orientazio sailaren barneko ekimena da. Horregatik, lana aurkitzeko baliabideak errazteaz batera, zerbitzu honetara gerturatzen direnek bi enplegu teknikarien laguntza ere jasoko dute «dituzten kezkak edo zalantzak argitzeko», esan du Virginia Ripa enplegu teknikariak.
Orain arte orientazio sailera gerturatu direnak «aurretik hitzordu bat eginda» gerturatu dira Ripak dioenez, eta zerbitzu pertsonalagoa eskaini zaie. Enplegu zentroa «orain arte eskaini dugun hori osatzera dator» azpimarratu du Curielek.
Formazio ikastaroak ere bai
Enplegu zentroa Uggasaren bulegoetan kokatuta dago eta lau ordenagailu daude erabiltzaileen eskura. Bertara gerturatu eta edonoren eskura dago zerbitzua «hitzordurik eskatu gabe etorri daiteke nahi duena eta askatasun osoz erabili».
Enplegu zerbitzuaren barruan «Lanbiden izen ematen, lan eskaintzetan parte hartzeko datuak eguneratzen, lan merkatuan sartzeko bideak egiten» erakutsiko diete interesatuei. Era berean, «lan eskaintza eta lan bila dabilenaren arteko zubi lanak» ere egiten dituzte enplegu teknikariek.
Enplegu zentroaren baitan ikastaroak ere antolatu dituzte, «lana sarean nola bilatu, lana bilatzeko erremintak ezagutu eta formazio ikastaroak sarean bilatzeko», adibidez. Horiek dira une honetan martxan daudenak, baina «beharrez arabera, hilero aldatuz joango dira».
Goierri garaia guztirako
Enplegu zentroa Ezkio-Itsasoko, Legazpiko, Urretxuko eta Zumarragako bizilagun guztientzako irekita dagoen zerbitzua da. Astelehenetik ostiralera egunero erabili daiteke, 8:30etik 13:30era eta 14:30etik 16:30era.
Momentuz «jende gutxi» gerturatu dela esan dute bi teknikariek. Urtarrilean dituzte jarrita begiak «urte hasieran jende gehiago mugituko delakoan gaude», diote. Horregatik orain, zerbitzu berria ezagutarazteko lanean dabiltza.