Legorretako Udalak 1,6 milioiko aurrekontua izango du, iaz baino %10 handiagoa
Legorretako Udalak 1.651.136,91 euroko aurrekontua izango du 2014rako. Etziko osoko bilkuran onartuko du udalbatzak txostena. Aurtengo urtean indarrean dagoen aurrekontua baino %10 handiagoa izango da, batik bat jarduera ekonomikoen foru zerga eguneratu izanagatik udalak sarrerak ugarituko dituelako, 100.000 euro inguru gehiago.
Herritarren aurrean aurreko ostegunean aurkeztu zituzten aurrekontua eta egitasmoak Arantxa Iturriotz Ogasun zinegotziak eta Urko Etxeberria Ogasun lan-taldeko koordinatzaileordeak. Udalaren egoera ekonomikoa «saneatua eta oso ona» dela azaldu zuten. Zorpetze maila %4,07koa dela jakinarazi zuten, eta udalak 197.313,33 euroko soberakina duela, inbertsioetarako.
«Azken bost edo sei urteetan udalak egin duen politika ekonomiko zorrotzaren ondorioz, gastua eta zorpetzea nabarmen murriztu dira. Hilabete gutxi barru 800.000 euro inguruko diru-poltsa izango da», azaldu du Iturriotzek. Otsailean, 2013ko kontuen likidazioa egiten denean, «beste diru kopuru eder bat» gehituko zaio oraingo soberakinari.
Zinema berritzeko asmoa
Udalak herri zinema berritzea du inbertsioetarako asmo nagusia. Baina herritarrekin batera erabakiko dute zer egin: «Bilduren konpromisoa zinema konpontzea da, baina daotzen hilabeetan herriko norbanako eta eragile talde guztiekin prozesu parte-hartzaile bat irekiko dugu, diru hauek erarik egokienean erabiltzeko, legorretar guztion artean erabakiz».
Hala eta guztiz, egiteko horretarako 200.000 euro bideratu dituzte 2014ko aurrekontuen inbertsioen atalean, eta aurreko ekitaldietako altxortegi soberakinean beste 300.000 euro daude gordeta. JEZren hazkundeagatik udalak jasoko duen kopurua gehitu behar zaio horri, «200.000 eta 275.000 euro artekoa».