Hirigintza ondarea babesteko plan berezia onartu dute Legazpin
Abenduko osoko bilkura dataz aurreratuta egin da Legazpin, Gabonetako jai egunak tarteko. Legazpiko hirigintza ondarea babesteko plan bereziari hasierako onespena ematea adostu da beste zenbait gairen artean.
Kepa Urtzelai alkateak azaldu zuenez «azken hilabeteetan talde bat herriko ondarea katalogatzeko» lanean dabil. Herriko hainbat eremu hartu dituzte kontutan «garai bateko ondarea, herriko hainbat auzo eta industria eremua», besteak beste, babestutako eremu izendatzeko.
Gaiari lotuta, Oscar Valbuena PSE-EEko zinegotziak babestu nahi diren herriko auzoetako etxebizitzen zerrenda luzea aipatu zuen. Herritarrei hain gertutik eragiten dienez «haiekin landu beharreko» gaia dela ondorioztatu zuen. Bestalde, babestutako ondare bat mantentzea «auzoetako bizilagunentzat karga bat» bihurtu daitekeela eta udal gobernuari eskuratu daitezkeen diru laguntzak edo babes ekonomikoak aztertzeko eskatu zion.
Urtzelaik «Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Kultura sailekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin» dagoeneko gaia lantzen ari direla erantzun zion. Datozen urteetan «babestutako auzoetan hainbat inbertsio» egin nahi ditu udalak. Baina auzoei ez ezik, plan bereziak herriko bost enpresei ere eragingo diola azaldu zuen alkateak. Horietako laurekin harremanetan jarriak direla esan zuen «planak bakoitzari zein neurritan eragiten dion azaltzeko». Plan berezia zortzi urtetan gauzatuko da, eta guztira «bost milioi euro» inbertitzea aurreikusi du udalak. Kopuru horren baitan «milioi bat euro bideratuko da datorren urtean Agirre-Etxeberriko eraikina eta ingurunea berritzeko gastatuetara».
Behin plan berezia hasiera batean onartuta «alegazioak jartzeko bi hilabeteko epea» irekiko da. Babestu beharreko elementu bakoitzak fitxa bat dauka, eta «fitxa bakoitza dagokion bizilagunari edo enpresa jabeari» bidaliko zaio horretan oinarrituta hala behar den kasuetan «alegazioak jarri edo iradokizunak egiteko».