Agerre bidea guztiz konpontzeko hitzarmena sinatu dute udalak eta aldundiak
Ordiziak N-Iera duen sarrera-irteeretako bat egokitzeko asmoz hitzarmena sinatu zuten atzo Ordiziako Udala eta Gipuzkoako Aldundiaren artean. Igor Eguren alkatea eta Larraitz Ugarte Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako diputatua arduratu ziren adosturikoa paperera eramateaz. Hala, Agerre bidea edo Upabi bezala ezagutzen den zatia konponduko dute; 2014 urtea amaitzerako amaitzea espero dute.
Lazkaibardik trenbidera arteko zatia, CAF-i zegokiona, egitea eta Upabiko zubia berritzea adostu zuten 2009an. Udala eta Adif ari dira dagoeneko Agerre bideko zati bat konpontzen. Orain, zubi berritik N-I errepidera irteteko 270 metroko zatia zabaldu eta hobetuko dute. Igor Egurenek nabarmendu zuenez Agerre bidea geografikoki ondo kokatua dago Ordiziako mendebaldera eta Beasain ekialdera iristeko. Gaur egun askok erabiltzen dute bide hori, nahiz eta baldintza txarrean egon. Larraitz Ugartek bi errepideen arteko lotura hobetzea «oso positiboa» dela aitortu zuen.
Sinatutako hitzarmenari esker espaloien artean bi norabideko galtzada egingo dute; eta 4 metroko zabalerako bizikleta eta oinezkoentzako bidea egingo da.
Lanei dagokionez, proiektu osoaren gehienezko lizitazio prezioa 576.000 eurokoa da; horietatik 534.000 Aldundiak jarriko ditu. Udal aurrekontuetan 671.000 euro bideratu dituzte lanetara; obra zuzendaritza eta desjabetza gastuak gehituta.