Azurmendiri eta Sarriegiri harrera egin diete Beasaingo udaletxean
Atzo iluntzeko 19:00etan egin zieten harrera Aitor Sarriegiri eta Iñaki Azurmendiri Beasaingo udaletxean. Egindako lana eskertzeko eta Beasainen izena zabaltzearren eskerrak emateko hitz batzuk esan zituen Koldo Agirre alkateak ekitaldian. Bertso-eskolako haurrek zenbait bertso bota zizkieten biei eta agurra ere dantzatu zien Ikutz Garmendia dantzariak, txistulariek lagunduta. Oroigarriak ere eman zizkien alkateak bi protagonistei. Ekitaldia amaitzeko Sarriegik bertso batzuk bota zituen eta Azurmendik ere eskertza hitz batzuk esan zituen. Jendetza inguratu zen harrera ekitaldira.