«Arkume ekoizpenaren egoera oso larria da, diru laguntzek eusten diote»
Artzaintzan lan egiten dute Mariano Imaz ataundarrak eta Arantxa Garaiburu berastegiarrak. Latxaesnea kooperatibako presidentea da lehenengoa, Garsabikoa bigarrena. Arkume salmentaren gailurretako bat Eguberriak dira, eta sektorearekin kezkatuta ageri dira biak, arlo «oso larri» dagoela ohartaraziz. Batasun eza, jaki horrekiko apustu publiko falta eta prezio nahiz lehia injustuak salatu dituzte.
Artzaintzan lan egiten dute Mariano Imaz ataundarrak eta Arantxa Garaiburu berastegiarrak. Latxaesnea kooperatibako presidentea da lehenengoa, Garsabikoa bigarrena. Arkume salmentaren gailurretako bat Eguberriak dira, eta sektorearekin kezkatuta ageri dira biak, arlo «oso larri» dagoela ohartaraziz. Batasun eza, jaki horrekiko apustu publiko falta eta prezio nahiz lehia injustuak salatu dituzte. Garsabik 2004an 35 bazkiderekin hasi zen, 6.000 arkume eta ardi zahar merkaturatuz; gaur egun 17 kide dira, eta 2.400 buru saltzen dituzte.
Arkumearen sektoreak ekoizleentzat ez duela egoera onena bizi diozue. Zergatik?
Mariano Imaz: Batetik, Garsabin elkartutako taldea puskatu nahi izan dute komertzialek, beren interesen aldeko delako. Artzainak elkartuta, merkatuan nolabaiteko fluktuazio batzuk marka ditzakete. Aldiz, zatituta, fluktuazio horiek denak merkataritzak eramaten ditu berak nahi dituen lekura eta interesetara. Artzainontzat prezioan galera ekartzen du, justu aurten ekarri duen bezala. Latxaesnea kooperatibakoak Garsabin sartu gara horregatik. Gure produktuaren jabe izan nahi dugulako, eta ahal den neurrian prezio duin bat jarri. Punta-puntako jakia dugulako.
Arkumeak zenbateko pisua du artzainaren diru sarreretan?
Arantxa Garaiburu: Batzuentzat gehiago, gaztarekin ari direnentzat gutxiago. Baina, %30-40 bitartean, jo dezagun. Sarrera handiena gazta izan ohi da. Arkumearen kasuan, duela 20 urteko prezioekin ari gara.
Latxa ardiaren arkumea besteengandik bereizteko lanean ari zarete, gaztarekin bezala?
A. G.: Eusko Label arkumea egon da, eta badago. Baina ez dakit nik oso ondo bereizita ote dagoen eta kontrolak behar bezala egiten diren. Artzainak Eusko Label arkumea jartzeagatik ez du gehiago irabazten. Komertzialak irabaziko du, saltzeko garaian.
M. I.: Labelaren marka hutsaren hurrengoa da, portzentualki. Ez du aurrerabiderik izan, eta artzainarentzat ez du inongo onurarik ekarri. Oso kritikoa naiz, zeren proiektu bat atera behar denean, sektorearekin, oinarriarekin lotu, kontatu eta partekatu behar da. Labelaren kasuan, akats bat hori izan da. Interesak komertzialen alde joan direla bistan da.
Zerk huts egiten du, orduan?
M. I.: Merkatua komertzialak maneiatzen du, eta hari, logikoki, etekin propioak interesatzen zaizkio: ahal den merkeena erosi eta garestiena saldu. Guk ekoizten dugun arkumeak, amaren esnearekin bakarrik hazitakoa, ezin diezaioke lehia egin beste arkume horri, ezin direlako alderatu. Hemengo arkumea oso ona da, eta eliteko jendearengana joaten da, estatu espainiarrera, Madrilera eta. Gainera, guk ekoizten dugun kalitatezko janari hori ez dugu atzera ekonomikoki jasotzen. Artzainok erru handia daukagu, noski; baina administrazioak ere parte handi batean errua badu. Ez da busti orain arte, inor. Ez da apustu seriorik egin. Kanpoko komertzialek Garsabi erabili dute hemengo merkatura sartzeko zubi gisa. Gutaz baliatu dira.
A. G.: Gure inguruan dauden artzainak erakartzen dituzte, bakarka hitz eginda. Elkartearekin baino hobeto konpontzen da komertziala gero artzain bakarti horiekin.
Zuen helburua hemengo ekoizleek sortzen duten arkumea hemen kontsumitzea da, prezio duinean salduta?
M. I.: Hori da. Hego Euskal Herrian 2,5 milioi biztanle izango gara, eta arkumea pintxoetan jaten da. Ez da baloratzen guk ekoizten dugun arkumea. Ez da ezagutzera ematen, ia.
Hiltegietan galtzen duzue zuen produktuaren aztarna.
M. I.: Hiltegiak guretzat traba bat dira. Guk handizkariari saltzen diogu, eta hark zein hiltegirekin duen kontratua edo nora daraman, ez dugu produktuaren segimenik. Eta, gertatzen da, kanpotik ekartzen dela.
Zer preziotan saltzen duzue arkumea?
M. I.: Aste honetan 4,80 euro kiloa. Garsabik atera zuen subastan zeuden prezioetan. Iaz garai honetan 5,20 egiten zuen. Kostuak aurten berdintsu daude iaztik, baina gorakada 2010ean izan zen, zekaleen prezioak lehertu zirenean. Aldiz, gure produktuak ez ziren mugitu. Ez arkumea, ez gazta, ez beste ezer.
Eta, Garsabiren kontratu horretatik kanpora, zer prezio du?
A. G.: Askotan Ordiziako azokaren inguruan ibiltzen da. Berez ez luke beharko, zeren harakinek igual altuena hartzen dute. Baina oraindik erreferentzia bada.
M. I.: Batzuek hori erabiltzen dute, baserritar mistoek eta. Baina erreferente sendoena, artzainentzat orokorrean, kontratuen prezioak dira. Artzainek nolabaiteko lotura dute komertzialekin, gutxi edo asko.
Prezio horretan salduta, nola zaudete ekoizleak?
A. G.: Larria, oso larria. Ez du tarterik ematen. Nahi izanda ere, arkumeari ezin diozu prezioa igo, ezta gaztari ere. Azoketan orain dela sei urteko prezioekin gabiltza, eta oraindik jendea kexaka oso garesti dagoelako. Ikusten duzu ezin duzula gehiago eskatu ere: egoera ere halakoa da, ez gurea bakarrik.
M. I.: Oso larri gaude. Sektorean, artzain askok esaten dute diru laguntzei esker bizirauten dutela, eta penagarria da hori esan behar izatea. Hori azkenekoa da, tamalgarria. Arkumearekin badago zirrikitu bat, bide bat egiteko. Gaztaren adibidea daukagu, prezio duin batean saltzeko mugitu zirelako. Arkumea puntako produktua dugu, eta prezioa botata dago.
Zer eginbehar dituzue sektorean, irtenbidea aurkitzeko?
M. I.: Idiazabal Gaztarena da adibidea. Arkumeak ere landuta beharko luke. Guk arkumearen trazabilitate osoa dugu: zein esplotaziotan jaio den, zer egunetan, noiz joan den hiltegira, zein hiltegitara… Baina hor jada arrastoa galtzen dugu. Guri Administrazioak betebehar batzuk jartzen dizkigu, eta zergatik ez du aurrerago ere eskatzen? Erosleak jakin dezan zer erosten ari den, beste produkutu ia denekin bezala. Arkumearen kasuan, trazabilitate hori azken muturreraino ez da eramaten, eta hori administrazioaren eskumena da. Apustua artzainok ere egin behar dugu gure aldetik, elkartu eta gure produktuaren jabe izateko. Baina Administrazioak ere guri eskatu dizkigun gauza berberak eska ditzala bukaeraraino.