‘Gureskuklip’ lehiaketa
Gure Esku Dago ekimenak egitasmo berrien bila jarraitzen du, autodeterminazio eskubidearen aldarria lau haizetara zabaltzeko. Ekainaren 8an egingo duten Gizakaterako motorrak berotzen joateko, lehiaketa bat egingo dute: Gureskuklipa. Abenduaren 12an egin zuten lehiaketaren aurkezpen ofiziala Beasaingo udaletxean Xanti Enparantzak eta Andoni Mikelarenak, Gure Esku Dago taldearen izenean.
Gure Esku Dago ekimenak egitasmo berrien bila jarraitzen du, autodeterminazio eskubidearen aldarria lau haizetara zabaltzeko. Ekainaren 8an egingo duten Gizakaterako motorrak berotzen joateko, lehiaketa bat egingo dute: Gureskuklipa. Abenduaren 12an egin zuten lehiaketaren aurkezpen ofiziala Beasaingo udaletxean Xanti Enparantzak eta Andoni Mikelarenak, Gure Esku Dago taldearen izenean.
Edozein pertsonak, taldek edo kuadrilak parte hartu ahal izango du lehiaketan, gehienez hiru minutu iraun ditzakeen bideo bat (edo nahi adina) eginez. «Berdin dio klipa zer hizkuntzatan egiten den. Horrek ez du eraginik izango epaimahaiaren erabakian». Adinari eta bizitokiari dagokienez ere, mugarik ez da egongo.
Erabakitzeko eskubidearen inguruko lehiaketa izanik, hori izango da bideoetako gai bakarra, eta ezingo da bestelako aldarririk txertatu.
Sari potoloak
Aurkezpenean azaldu zutenez, lehiaketa honetako irabazleentzat bi sari egongo dira. Lehenengoa, herritarren bozketaren araberako saria izango da; hau da, boto gehien lortzen dituen kliparentzako saria. Klip bozkatuenaren egileek 800 euroko saria jasoko dute. Bigarren saria, berriz, epaimahai profesional batek aukeratutako klip onenarentzat izango da, eta 500 eurorekin sarituko da.
Gureskuklip lehiaketan parte hartzeak arau hauek onartzea dakar, eta antolakuntzak eskubidea izango du jasoko diren bideoak Interneten eskegitzeko eta zabaltzeko, hala nola beste hedabideetan zabaltzeko ere. Era berean, bere esku izango du elementu iraingarriak dauzkaten bideoak lehiaketatik kanpo uzteko aukera, edota egokiak iruditzen ez zaizkion edukiak baditu. Antolakuntzak oinarri hauek aldatuko balitu, parte hartzaileei garaiz jakinaraziko lieke. Bideoak Internet bidez, nahi den webgunera (youtube, vimeo, euskaltube…) igo beharko dira, eta gero gureeskudago.net/eu/gureeskuklip orrialdean dagoen inprimakia bete beharko da.
Otsailaren 16a arte
Lanak aurkezteko epea 2013ko abenduaren 12 tik 2014ko otsailaren 16ra bitartekoa izango da. Webgunean bozkatzeko epea, berriz, 2014ko otsailaren 24tik 2014ko martxoaren 3ra bitartekoa. Epairen berri eta sari banaketa ekitaldia martxoaren 21ean egingo dute Beasaingo Igartzan, 18:00etan.
‘Gure Esku Bidea’ manifestuarekin bat egiteko deia egin dute
Gure Esku Dago ekimenak egingo duen Gizakatearekin lotuta, Gure Esku Bidea manifestua egin du, «herri gisa geure etorkizuna erabakitzeko eskubidea dugula» eta «erabakia hartzea herritarroi dagokigula» aldarrikatzeko. «Garai berriak bizi ditugu Euskal Herrian. Garai berri hauez baliatuz, elkarlanaren ildotik urrats berri eta sakonak egiteko unea dela deritzogu. Ezinbestekoa da elkarrekin aurrera egitea ziklo berri eta ilusionagarria irekitzeko, eta bide honetan herritarrak protagonista nagusi bilakatu beharko dugu», dio manifestuak. Atxikimenduak biltzeko lanean ari da Gure Esku Dago, «jarrera positibo honetatik eta norbanakoak zein kolektiboak diren eskubide zibil eta politikoekiko begirunetik abiatuz, demokratikoa eta unibertsala den eskubide batekiko atxikimenduak biltzen gaitu: Erabakitzeko eskubidearekiko atxikimendua, alegia». Ildo horretatik «beharrezkoa, egokia eta zilegia dela arteko elkargunerako aukera eskeintzen duen eskubideaz ari baikara».