Eguberrietako nazioarteko igeriketa saria jokatuko da igande honetan Majorin
Ordizia Kirol Elkarteak, Easo Igeriketak, Gipuzkoako Igeriketa Federazioak eta Euskadiko Igeriketa Federazioak antolatuta, XXXI. Eguberrietako Igeriketa Saria jokatuko da igande honetan Ordiziako Majori kiroldegian. Nazioartean punta puntan dabiltzan igerilariak izango dira bertan Melanie Costa, Norbert Trandafir edo Richard Oribe, esate baterako. Markel Alberdi euskal igerilariak ere hartuko du parte.
Goizeko hamarretan hasiko da torneoa; kanporaketak egingo dira goizean zehar. Tximeleta eran, bizkarrez, edo bular estiloan aritu beharko dute igerilariek; 100metroko eta 50 metroko lasterketetan. Arratsaldean sailkatuen arteko finalak jokatuko dira; puntu gehien biltzen dutenek irabaziko dute.
Hainbat herrialdetatik etorritako atletak elkartuko dira Ordizian; Ukrainatik, Frantziatik, Espainiatik, Italiatik, Errumaniatik edo Esloveniatik, esate baterako. Euskal igerilariak berriz, Euskal Herriko selekzioaren baitan arituko dira. Paraolinpikoen probak ere egingo dira; bertan izango dira Richard Oribe, Ander Romarate edo Ana Rubio.