Multinazionalen eta saltoki handien kontsumo eredua salatzeko protesta egin du Beasaingo Ernaik
Kontsumo aldetik, urteko egunik garrantzitsuenak izaten dira Eguberriak, eta Ernai gazte erakundeak, multinazionalen eta saltoki handien kontsumo eredua salatu nahi izan du egunotan. Hilaren 3an, Beasaingo Eroski, Telepizza eta Dia saltokien aurrean bildu ziren, “multinazionalek merke eskainitakoa garesti ateratzen dela” salatuz. Ernaiko kideek ohar baten bidez azaldu dutenez, kate horiek, “langileak eta errekurtso naturalak bidegabeki esplotatzeaz gain, herriko komertzio txikia itotzen edo hiltzen dute”. Bide horretatik jarraituz gero, “gero eta menpekotasun handiagoa izango dugu multinazionalekiko, gure lan baldintzak, osasuna.. edozein preziotan aberastea helburu duten tiburoien esku utziz”. Horren aurrean, herriko denda eta komertzio txikietan erosteko deia egin dute.
‘Denak ala inor ez’
Komertzio arlokoa ez da izan Ernai gazte erakundeak Eguberrietan egin duen protesta ekintza bakarra. Izan ere, urte zahar egunean, abenduaren 31n, ‘denak ala inor ez’ protesta ekimena egin zuten, “Euskal Herriko gatazkaren konponbidearen bidean preso eta iheslari politiko orok eskubide guztien jabe etxean egon behar dutela ulertuta”. Protesta ekintza horretan, Beasaingo bost preso politikoen “egoera ankerra” irudikatu nahi izan zuten, kalean jarritako kaiola batzuekin.