
Goierri paraje hezea da eta, hala, ez da harritzekoa goierritarrak lokatzetan ondo moldatzea. Igandean Ormaiztegiko ziklo-kros proba jokatu zen eta eskualdeko txirrindulariek emaitza bikainak lortu zituzten. 23 urtez azpikoen mailan, Alex Aranburu ezkiotarra bigarren sailkatu zen, Jon Ander Intsausti mutiloarra hirugarren eta Pello Olaberria mutiloarra bosgarren. Gazteen mailan, berriz, lehenengo biak goierritarrak izan ziren: Patxi Aldanondo beasaindarra eta Dani Maiora ormaiztegiarra. Bostek asteburu honetan Valentzian jokatuko den Espainiako txapelketan parte hartuko dute. Gainera, Xabier Mendiaraz zaldibiarrak Master 40 proba irabazi zuen eta Jokin Mujika itsasondoarrak Master 50.
23 urtez azpikoen artean, Aranburu da gustura egoteko arrazoi gehien dituena. Izan ere, lehen urtea du maila horretan eta, gainera, bera izan zen goierritar onena. «Uste baino hobeto ibili nintzen, baina, bukaera gogorra egin zitzaidan», azaldu du.
Kontuan izan behar da 23 urtez azpikoen lasterketak gazte mailakoak baino luzeagoak direla. «Azken itzulian Jon Anderrek harrapatu egin ninduen eta garaipena esprintean jokatuko genuela uste nuen. Irabaztea zaila izango zen, dagoeneko nekatuta bainengoen. Baina Jon Anderrek zulatua eduki zuen eta bakarrik heldu nintzen». Larunbatean Espainiako txapelketa jokatuko du Valentzian. «Zirkuitua lehorra egongo dela esan digute, eta han ere Lastrak irabaziko duela uste dut».
Ez du, ordea, munduko txapelketara joateko esperantzarik: «Ez dut Espainiako Kopan parte hartu eta hautatzaileak bertan lortutako puntuak kontuan izango ditu. Larunbatean oso ondo egin beharko nuke munduko txapelketara joateko. Denboraldia berandu bukatu nuenez, prestatzaileak inguruko ziklo-kros probetan bakarrik parte hartzeko esan dit», azaldu du Ezkiokoak.
Izan ere, Ampo taldeko txirrindulariak errepideko denboraldia du buruan. «Errepidea da garrantzitsuena. Lehen denboraldia izango dut 23 urtez azpikoen mailan eta sufritzea tokatuko zait. Nire helburua ikastea eta egokitzea da».
Intsausti, ordea, beteranoa da dagoeneko maila horretan. Hurrengoa azken denboraldia izango du eta bere helburua profesional mailara salto egitea da. Horretarako, Caja Rural utzi eta Gipuzkoa taldearekin fitxatu du. «Kontratua berritu behar nuen eta, Caja Ruralek jarraitzea eskaini zidan arren, Gipuzkoa taldera itzultzea erabaki nuen. Etxeko taldea da eta konfiantza handia eman didate beti. Nik konfiantza handia behar dut ondo ibiltzeko. Caja Rural exijentzia handiko taldea da eta iaz denboraldi kaxkarra osatu nuen».
Gainera, Gipuzkoa taldeak datorren urtean profesional mailako taldea osatzeko asmoa du. «Nire helburua gustura gelditzea dela esan diet, baina profesional mailara salto egitea ere gogoan dut. Azken denboraldia dut 23 urtez azpikoen artean eta Euskal Herrian eta Espainian ez zaizkie txirrindulari zaharragoak gustatzen». Profesionaletara pasako den edo ez udaberrian jakingo du. Lehenago, ziklo-kros denboraldia amaitu behar du. Aurten, Belgikako lasterketa askotan parte hartu du eta Ormaiztegin lan ona egin zuen. «Nire maila onenetik gertu nago eta munduko txapelketara joatea gustatuko litzaidake. Belgikako lasterketa askotan parte hartu dut eta hautatzaileak hori kontuan hartzea espero dut».
Olaberria lagun mina du eta Belgikan egon da berarekin. Mutiloar honek ziklo-kros proba gutxietan parte hartu du, Specialized-Fundación Alberto Contador taldeak errepidean buru-belarri aritzea nahi baitu. Hala ere, lan ona egin du Ormaiztegin.
Bigarren denboraldia du 23 urtez azpikoen mailan eta profesionaletara pasatzeko aukera ona duela dio. «Gurea Espainiako talde garrantzitsuenetakoa da eta Espainiako Kopako proba guztietan parte hartu behar dugu. Frantzia, Belgika, Italia eta Eslovakiara ere joan behar garela esan digute». Ea euren ametsak ez diren lokatzetan itotzen. Lokatza, ziklo-kroserako bakarrik.