
Lazkaoko Areria antzokiak teknologia digitaleko proiektorea dauka, abenduaren bukaeratik. Datozen bi urteetarako zinemaren ardura hartu duen enpresak filmak emateko gailu berria jarri du, azken boladako aurrerapen teknologikoez baliatzeko.
Lehiaketa publikoa egin, eta urtearen bukaeran hautatu du udalak Lazkaoko zinema kudeatuko duen enpresa. Urbieta enpresak jarraituko du. Baldintzen artean jarri zuen udalak proiektore digitala ipintzearena. Aldaketa Gabon aurreko asteburuan egin, eta dagoeneko bi asteko proba garaia gainditu du Christie Solaria One makina berriak.
Lehengo film-bilkarien ordez, digitalki proiektatzen ditu pelikulak. «Digitala izatea da aldaketa nagusia, teknologia berrikoa. Irudiaren kalitatean asko hobetzen du emanaldia, eta soinua ere bai», esan du zinemaren kudeatzaile Usoa Urbietak.
Filmen kopiak fisikoki erabiliko dituzte orain ere, nahiz eta zeluloidezko bilkari handia atzean geratu den. Teknologia digitalak estreinaldiak lehenago eman ahal izatea errazten du. «Karteldegia eguneratuago eduki daiteke eta malgutasun gehiago eskaintzen du programatzeko. Digitalki kopia gehiago egiten dira, eta errazago eskura daitezke».
Emaitzarekin gustura
Proiektore digital berria enpresaren jabetzakoa da, eta Areriaren ustiapen aldirako erabiliko dute. Urbietak ez du inbertsioa zenbakitan zehaztu, baina «dezentekoa» izan dela aurreratu du. «Ez dago beste aukerarik gaur egun, apustua egin beharra zegoen». Beste bi urterako kontratua lortu du orain.
Gabonetako bi asteotan proba garaia bikain gainditu du proiektore berriak. «Oso ondo dabil, espero genuen bezala». Urtarrilean «estreinaldi asko» emateko moduan izango dira, Oscar sariketara begira jarrita.
Areria antzoki berria 2008ko irailaren 26an inauguratu zuten. Bigarren eskuko Galaxy 95 proiektore analogikoarekin hornitu zuten orduan. Orain, aldaketarekin, antzokiko sotoko biltegian gorde du udalak. Filmak emateko zeluloidezko bilkariak eransten zaizkio.
Lehenagoko zinema zaharrean zegoen proiektoreak, berriz, antzokiko atalaurrean jarraituko du, erakusgai. Zinemaren lilura proiektatzeko teknologiaren hiru belaunaldi daude Arerian, baina jatorrizko txundidura eragitea dute guztiek helburu: pantaila handiko historian murgiltzea.