Antzerki Garaia iritsi da
Urte berriarekin batera hasiko da Antzerki Garaia Beasainen eta Ordizian. Aurten ere, bi herrietako udalek elkarlanean osatu dute zortzi antzezlanetako egitaraua. Lau antzezlan Ordiziako Herri Antzokian egingo dituzte eta gainerako lauak, Beasaingo Usurbe Antzokian. Zortzitik sei euskaraz antzeztuko dituzte, eta bi gazteleraz.
Antzezlan bakoitzeko sarrerak 10 euro balioko du, baina denboraldi osorako abonua ere eros daiteke 60 euroan. Antzokietako leihatiletan, Beasaingo udaletxeko Kultura-Euskara Sailan eta Ordiziako Barrena jauregian eros daitezke abonuak. Hamar sarrera baino gehiago eskuratu nahi dituzten kultura talde, ikastetxe eta gisakoek, sarrera prezio berezia izango dute.
Aktore ezagunak
Beasainen eta Ordizian aktore ezagun ugariren lan berriak ezagutzeko aukera izango da. Gaur, adibidez, Asier Hormaza eta Mikel Laskurain ariko dira Figuranteak lanean; hilaren 24an, berriz, Julian Iantzi eta Gurutze Beitia izango dira Usurbe Antzokian, La última oportunidad lanean. Oihan Vegak ere, Euskararen espektakulue zuzendu eta aurkeztuko du. Otsailaren 21ean, Ramon Agirrek eta Inazio Tolosak Koka-Kola eta Barea obra aurkeztuko dute. Alberto San Juanek, berriz, Autorretrato obraren egilea, zuzendu eta antzeztuko du.
Mendigurenen ‘Hamlet’
Martxoan bi goierritar izango dira protagonista. Martxoaren 14an, Xabier Mendiguren beasaindar idazleak egokitutako William Shakespearen Hamlet obra aukeztuko dute Beasainen. Martxoaren 28an, berriz, Aitziber Garmendia zaldibiarra Iker Galartzarekin batera igoko da Ordizian oholtza gainera, Ondoko Tipoa lana aurkezteko.
Apirilaren 11n, azkenik, Loli Astorekak, Miren Gojenolak, Ana Elordik eta Zuhaitz Gurrutxagak Hiru lana aurkeztuko dute.
Zortzi antzezlan, bi eskenatoki
Gaur hasi eta apirilera arte, 8 antzezlan ikusteko aukera izango da Beasaingo eta Ordiziako antzokietan.
- Hilak 10. Ados Teatroa taldearen Figuranteak lana. Ordiziako Herri Antzokian. 22:15ean.
- Hilak 24. Glu Glu Producciones taldearen La última oportunidad. Beasaingo Usurbe Antzokian. 22:15ean.
- Otsailak 7. Pikupe Produkzioak taldearen Euskararen Espektakulue. Ordiziako Herri Antzokian.22:15ean.
- Otsailak 21. Koka-Kola eta barea.Beasaingo Usurbe antzokian. 22:15ean.
- Martxoak 7. Autorretrato de un joven capitalista español. Ordiziako Herri antzokian. 22:15ean.
- Martxoak 14. Artegrama taldearen Hamlet. Beasaingo Usurbe antzokian. 22:15ean.
- Martxoak 28. Txalo Produkzioak taldearen Ondoko Tipoa lana. Ordiziako Herri Antzokian. 22:15ean.
- Apirilak 11. Txalo Produkzioak taldearen Hiru lana. Beasaingo Usurbe antzokian. 22:15ean.