Zegama-Aizkorri mendi maratoia aurkeztu dute
Aurtengo Zegama-Aizkorri mendi maratoia maiatzaren 25ean egingo dute. Parte hartu nahi dutenek hilaren 15etik otsailaren 7a bitartean eman behar dute izena, kirolprobak.com web orrian. Lasterketak logotipo berria du eta datorren astean web orria estreinatuko du.
Ibilbidea aurreko urteetako berbera izango da. Korrikalariek 42 kilometro eta 195 metro osatuko dituzte eta 5.472 metroko desnibela gainditu beharko dute, Aizkorrin barrena.
Aurten ere, nazioarteko federazioak Sky egutegiaren barne sartu du. Lehen lasterketa izango da, hain zuzen ere. Beste lau lasterketak Itailan eta Suitzan izango dira.
Salomon babeslea izanik, talde honetako korrikalariek parte hartuko dute eta horrek gainontzeko talde garrantzitsuak euren korrikalariak Goierrira ekartzera bultzatuko ditu. Kilian Jornet iazko txapeldunaren partaidetza ez dago ziurtatuta. Iaz munduko lasterketa onena izan zen, gainontzeko guztiek baino partaidetza askoz ere hobea izan baitzuen.
Berrikuntza nagusiak bi dira: logotipoa eta web orria. Orain arte, logoan gizonezko bat ageri zen korrika egiten eta oinatz bategatik aldatu dute. Helburua logoan ere emakumeak irudikatzea da. Web orriari dagokionez, datorren asterako prest egotea espero dute.
Izen-ematea ere datorren astean irekiko da. Asteazkenean, hain zuzen ere. Korrikalariek kirolprobak.com web orrira jo behar dute. 275 dortsal zozkatuko dituzte. Zozketa hilaren 28an egingo dute eta egun horretan bertan emango da ezagutzera hautatuen zerrenda.