‘Barrura begiratzeko leihoak’ filmaren emanaldia eta bi protagonista Ordizian
Ordizian antolatutako presoen aldeko II. hamabostaldiaren baitan Barrura begiratzeko leihoak filmaren emanaldia izango da bihar. Hasiera batean, joan den asterako zegoen prestatua ekitaldia, baina EPPKren aurka izan zen polizia operazioa dela-eta aste honetara atzeratu dute. Hala, D’elikatuzen izango da filmaren emanaldia ostegunean zazpietan. Gainera, filmean agertzen diren bi protagonista bertan izango dira: Jon Ugarte Zinkunegi eta Gotzone Lopez de Luzuriaga.
Eneko Olasagasti (Donostia, 1960), Mireia Gabilondo (Bergara, 1965), Enara Goikoetxea (Hernani, 1973), Txaber Larreategi (Ea, 1986) eta Josu Martinez (Bilbo, 1986) dira Barrura begirako leihoak filmaren zuzendariak.
Gaur egun ia 530 euskal preso politiko daude kartzeletan gatazka politikoarekin lotutako arrazoiengatik. Film horrek, ordea, beste modu batean helduko dio gaiari. «Guretzako, presoak ideal baten alde borrokatu diren pertsona normalak dira, gu bezalakoak», diote. Film luzeen erronkari behar den moduan erantzuteko sortu zen Zinez ekoiztetxea arduratu zen filmaren ekoizpenaz, promozioaz eta zabalpenaz. 2012an estreinatu zen eta ordutik Euskal Herrian herriz herri ari dira emanaldiak egiten.