Antzizarren eta Igartzan aparkaleku berriak egin dituzte
Beasaingo Udalak herriko trafikoa eta ibilgailuen onurarako bestelako hainbat obra egin ditu azken hilabeteetan, eta bide beretik jarraituk du lanean aurrerantzean ere. Amaituta dauden lanen artean Antzizar kiroldegi ondoan egin dituzten aldaketak eta Igartzako aparkaleku berria daude. Antzizar parean, ibilgailuentzako noranzko bakarra jarri dute eta autoak aparkatzeko modua ere aldatu dute; orain bateria modura utzi behar dira ibilgailuak.
Kale honetan, aurrez, bi noranzkotan joan zitekeen, baina ez zengoen behar adina leku bi auto batera ondo sartzeko. Orain, noranzko bakarrarekin trafiko arazoak gutxitu egingo dira, eta aparkaleku gehiago ere lortu dira. Castillo hoteletik Beasainerako noranzkoa izango da orain kale horretan joan beharreko noranzkoa. Orain arte bezala, atzera Castillo aldera joan nahi dutenek, Antzizar pareko bidegurutzean ezkerrera hartu beharko dute.
Igartzako aparkalekua, prest
Igartzako aparkalekua ere prest dago jada. 100 aparkalekutik gora egin dituzte eta, horrez gain, karabanentzako eta autokarabanentzako lau aparkaleku berezi prestatu dituzte.
Iragarrita zegoen bezala, aparkaleku berri horretan autokarabanek izan ohi dituzten beharrak asetzeko aukera ere izango dute: argi-indarrez eta urez hornitzeko aukera eta ur grisak edo ur zikinak hustutzeko aukera ere badago aparkalekuetan.
Horri esker, Goierrira karabanan edota autokarabanan datozten turistek, puntu azpimarragarria izango dute Beasainen. Turistez gain, herritarrek ere izango dute gune hauek erabiltzeko aukera.
Ibilgailu hauek hornitzeko, jabeek txanpon berezi batzuk erosi beharko dituzte Antzizar kiroldegian edota aparkalekuaren inguruan dauden tabernetan. Txanpon horiek makinan sartu eta ura eta argi-indarra lortuko dute trukean.
Berriro itxiko dute
Koldo Agirre Beasaingo alkateak azaldu duenez, «aparkalekua laster itxi egin beharko da atzera, bidegorriko obrek irauten duten bitartean».
Bidegorria eta Barandiaran plazako lanak «hastear» daudela ere azaldu du Agirrek. Hasita dauden lanen artean daude, baita ere, Esteban Lasa kalean bi noranzko jartzeko lanak. Udaletik jakinarazi dutenez, orain aldapan gora bakarrik joan daitekeen arren, laster gorantz eta beherantz joateko aukera izango dute ibilgailuek Esteban Lasa kalean, eta hala, inguru horretako bizilagunek oinezkoentzat egokituta dagoen Kale Nagusian sartu beharrik ez dute izango Ordizia aldera joateko.